GAUR8

Zorionak Dolly Parton-i bere 80. urtebetetzean

80 urte bete ditu gaur Dolly Partonek, country musikak duen izarrik handiena eta nazioartean ospe handia duen artista estatubatuarra. Ikonikoa, ausarta eta eskuzabala, urtebetetze hau bere ‘Light of a Clear Blue Morning’ famatuaren bertsio berri batekin ospatu nahi izan du. 

80 urtebetetzean kaleratu duen abestiaren eta bideokliparen azala.
80 urtebetetzean kaleratu duen abestiaren eta bideokliparen azala. (The Dollywood Foundation)

1946ko urtarrilaren 19an jaio zen Dolly Parton, Sevier konderriko (Tennessee) baserri txiro batean. Hamabi seme-alabetatik laugarrena, landa-bizitza gogor hori izan zen Dollyren bizitzaren oinarria. 

10 urte zituenean, telebista eta irrati saioetan kantatzen hasi zen, eta eskola bukatu bezain laster Nashvillera alde egin zuen. 60. hamarkadan ospetsu egin zen eta, ordutik Estatu Batuetako musikaren eta kulturaren sinboloa bihurtu da, eta matxismoa beti presente izan den countrya bezalako genero batean emakume legez bere indarra erakutsi du. Horren adibide da 1967an idatzi eta kantatu zuen ‘Dumb Blonde’ (‘Ilehorri leloa’), non bere ironia zorrotza atera zuen argitara.

Urte batzuk geroago, eta kantu horren osagarri gisa, hauxe gehitu zuen: «Ez naute batere mintzen ilehori ergelei buruzko txiste guztiek, badakidalako ez naizela ergela… ezta ilehoria».

Enpresaria, idazlea, ekoizlea, filantropoa eta musikagile erraldoia da Dolly Portan,  emakumeak generoan duen rola aldarrikatzen aitzindaria. Kanta ikonikoak idatzi ditu ere ‘Jolene’, ‘Coat of Many Colors’, edo ‘I Will Always Love You’ ospetsua bezala, Whitney Houstonek ‘The Bodyguard’ filmean gero kantatu zuena.

1988an, Dollywood Fundazioa –Dollywood izeneko parke tematikoa du ere, bere omenez– sortu zuen, Amerika osoan eta Kanadan eskolaurreko umeei liburu bat ematen diena hilero, haurren heziketa bultzatzen baitute. 

Osasunez hala nola dabilela dirudi, atzeratu egin behar egin ditu irailera arte Las Vegasen urte hasierarako lotuta zituen sei emanaldiak. Bere urtebetetzea ospatzeko, aste honetan bertan 50 bete dituen ‘Light of a Clear Blue Morning’ kantaren bertsioa atera du, beste emakume kantari ezagunekin batera.  

Bere ibilbidea definitu duen eskuzabaltasunarekin, abestiaren eta bideokliparen irabaziak Nashvilleko (Tennessee) Monroe Carell Jr. de Vanderbilt haur-ospitalaren pediatriako arloak minbizia ikertzeko duen programara bideratuko dira.