GAUR8

Kirol materiala mailegatzeko proiektu pilotua abiatu du Gipuzkoako Aldundiak Donostian

Baloiak edota palak bezalako kirol elementuak mailegatzeko proiektu pilotuta abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian. Nabarmendu dute horri esker mundu guztiak izango duela behar duen ekipamendua eskuratzeko aukera. Doakoak dira lehenengo 90 minutuak.

Trainout izeneko ekimenaren aurkezpena.
Trainout izeneko ekimenaren aurkezpena. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak Trainout izeneko proiektu pilotua jarri du martxan Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzigoarekin lankidetzan, espazio publikoetan kirol materiala mailegatzeko. Foru erakundeak 15.000 euro bideratuko ditu ekimenera.

Azaldu dutenez, proiektuaren helburuak dira kontsumo arduratsua sustatzea, kirola egiteko baliabideak eskuratzeko erraztasunak ematea eta ekonomia zirkularrarekin bat datozen erabilera partekatuko ereduetarantz aurrera egitea.

Trainout proiektuak kontsumo eredu arduratsuagoa, eraginkorragoa eta baliabideak hobeto aprobetxatzera bideratua sustatzeko helburuarekin sortu da. Proiektuak noizean behin erabiltzen diren objektuen banakako kontsumoaren ordezko aukera bat planteatzen du, eta, horrela, objektuak erosi eta metatu ordez, objektuen erabilera partekatua sustatu nahi du.

Kirol materiala da kontsumo mota horren adibide argia. Jendeak une jakin batzuetan erabiltzeko erosi ohi du, erabilera oso mugatua du eta denborarik gehiena gordeta egoten da. Eredu horren ondorioz, baliabideen erabilera ez da oso eraginkorra. 

Trainout ekimenak «beste logika bat» sartzen du ‘ez erosi, partekatu’ printzipioa oinarritzat hartuta, kirola egiten den lekuetan bertan ekipamendua eskuratzea ahalbidetuz.

Gainera, espazio publikoak aktibatzeko eta dinamizatzeko tresna izateko ere sortu da, «kirol eredu irekiagoa, jasangarriagoa eta herritarrengandik hurbilagoa sustatzen duena, eta bizimodu osasungarriagoa bultzatzen duena».

Funtzionamendua

Trainout aplikazio mugikor batera konektatutako kirol ekipamenduko estazio adimendunen sistema bat da. Horri esker, edonork eskura dezake kirol materiala espazio publikoetan, hala nola parke, hondartza edo kirol eremuetan, nork bere ekipamendua erosi edo etxetik eramaten ibili gabe. Funtzionamendua erraza da: erabiltzaileak aplikaziotik lokalizatzen du estazioa, materiala desblokeatzen du, erabili, eta, ondoren, prozesu gidatu bati jarraituz itzultzen du.

Ekipamendua doan erabili ahal izango da lehenengo 90 minutuetan, eta kokapen bakoitzari egokitutako materialak egongo dira eskura, hala nola baloiak, palak, pisuak eta aire zabaleko jarduera fisikorako beste elementu batzuk.

Esperientzia pilotua Donostiako bi tokitan probatuko da: Bentaberriko kiroldegian eta Intxaurrondokoan (Kultur Etxearen ondoan).