UOC

Depresioaren tratamendurako aplikazio mugikorrak ebaluatzeko tresna

Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) eHealth Lab ikerketa-taldeak depresioa tratatzeko aplikazio mugikorrak ebaluatuko dituen irtenbide digital bat garatu du, EvalDepApps izenekoa. Depresio kasuek nabarmen egin dute gora, eta tratamenduan aplikazio teknologikoak erabiltzea ohikoa bilakatu da.

Depresio kasuak asko hazi dira azken urteotan eta osasun erakundeak kezkatuta dabiltza.
Depresio kasuak asko hazi dira azken urteotan eta osasun erakundeak kezkatuta dabiltza. (GETTY IMAGES)

Depresioa da buruko nahasmendu ohikoenetako bat, eta bere intzidentzia %50 inguru hazi zen 1990 eta 2017 artean, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera: munduko biztanleriaren %5 ingururi eragiten dio. Katalunian, diagnostiko hori duten pertsonen kopuruak ere nabarmen egin du gora azken urteetan: 2017tik 2022ra bitartean, depresioaren eta gogo-aldartearen nahasmenduen intzidentzia %86,6 hazi zen, Kataluniako osasun-sistema publikoko lehen mailako arretaren datuen arabera.

Frogatuta dago nahasmendu horren tratamenduan teknologia berriak erabiltzeak, aplikazio mugikorrak aurrez aurreko esku-hartze psikologikoekin konbinatzeak, eraginkortasun handia izan dezakeela, eta osasun-sistemek duten asistentzia-karga handia arintzen duela. Baina benetako erronka aplikazio mugikor horien kalitatea ziurtatzea da; izan ere, kasu gehienetan, ez dira ebidentzia zientifikoan oinarritzen, eta ez dute pazienteak tratatzeko orduan eraginkortasuna bermatzen.

Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) eHealth Lab ikerketa-taldeak azterlan bat egin du depresioa tratatzeko aplikazioak erabiltzean pazienteentzat garrantzitsuenak diren irizpideak identifikatzeko. Ikerketa horren azken helburua irtenbide digital bat garatzea da, EvalDepApps izenekoa, osasun-arazo honen jarraipenerako aplikazioak ebaluatzeko eta, horrela, kaltetutako pertsonei eta osasun-profesionalei tratamendurako egokienak hautatzen laguntzeko. “Validation and selection of criteria for evaluating apps for managing depression: a Delphi study” azterlana “British Medical Journal” aldizkarian argitaratu da eta I+G+Bko Estatuko Planaren finantzaketa jaso du.

«Sendagai edo osasun-produktu bat merkatura iritsi aurretik ebaluatzen den bezala, haren eraginkortasuna eta segurtasuna ziurtatzeko, gure osasuna eta ongizatea zaintzeko erabiltzen ditugun aplikazio mugikorrak ere ebaluatu behar dira, zer eragin izan dezaketen jakiteko, baina gaur egun ez da behar adina egiten. Herritarren osasunean eragin potentziala duten aplikazioak dira, eta, kasu batzuetan, kaltegarriak ere izan daitezke», azaldu du Carme Carrion proiektuko buruak.

EvalDepApps proiektuaren helburua depresioa tratatzeko aplikazioak baliozkotzeko eta ebaluatzeko tresna bat garatzea da, ebidentzia zientifikoan oinarritua eta depresioa duten pazienteen beharrei erantzungo diena. Tresna hori ere aplikazio mugikor bat izango da, eta jarraibide argiak emango dizkie erabiltzaileei depresioa tratatzeko beren beharretara eta gustuetara egokitzen den aplikazio bat aukeratzeko moduari buruz.

IRIZPIDE GARRANTZITSUENAK

Proiektua aurrera eramateko, ikerketa-taldeak depresioa jorratzen duten aplikazio mugikorrak mapatu zituen, eta 30 inguru aztertu. Horietatik zortzi baino ez ziren argitaratutako ebidentzia zientifikoan oinarritzen. Erabiltzaileentzako irizpiderik garrantzitsuenak jasotzeko, 43 pertsona inplikatu ziren Delphi prozesu batean, adituek gai bati ematen dioten garrantzia ebaluatzeko metodo prospektiboa.

Aplikazio bat aukeratzeko orduan, erabiltzaileek lehentasunezko irizpide hauek baloratu zituzten: datuen segurtasuna, eraginkortasun klinikoa, ebidentzian oinarritua egotea, eta, alderdi teknikoan, intuitiboa eta erabiltzeko erraza izatea. Positiboki baloratu zen, halaber, aplikazioak osasun mentaleko edo osasun-sistemako profesionalekiko interakzioa edo premiazko kontaktua ahalbidetzea, eta multzo terapeutiko baten parte izatea, hau da, ez erabiltzea modu isolatuan eta osasun-profesionalen laguntzarik gabe.

Carrionen ustez, funtsezkoa da aplikazioaren lehentasunezko funtzioa zein den zehaztea: «Puntu hori funtsezkoa da, bestela, aplikazio baten barruan gauza gehiegi jarri nahi izaten baitira, eta, beraz, ezin da erabili. ‘Gutxiago gehiago da’ esaera oso egokia da hemen», nabarmendu du ikertzaileak. Depresioaren tratamendurako aplikazioek planteatzen duten erronkarik sentikorrenetako bat pribatutasuna da. Horixe izan da depresioa duten pertsonek eta ikerketan parte hartu duten osasun-profesionalek garrantzi handiena eman dioten alderdietako bat. «Funtsezkoa da aplikazio bakoitza zein kolektibori zuzenduta dagoen kontuan izatea, eta, batez ere, pribatutasuna bermatzea», azaldu du Carrionek.

Aplikazio mugikorrak gero eta gehiago erabiltzen dira osasun tratamenduetan. (GETTY IMAGES)

Erabiltzaileek nabarmendu zuten beste puntu bat da aplikazio mugikorrak pazientearen bilakaera klinikoa neurtu ahal izatea. Noemi Robles Research Methods & Data Science Lab-eko kidea eta EvalDepApps proiektuko ikertzailea da. Azaldu duenez, berezitasun horrek «pertsonari bere egoera emozionalaz gehiago jabetzen eta jarraipen pertsonalizatuagoa egiten lagun diezaioke, informazio hori artatzen duten profesionalekin partekatzen bada. Oso informazio baliotsua izan liteke, batez ere aplikazioek gogo-aldartean edo arrisku-egoeretan aldaketak detektatzeko gaitasuna izango balute, erabiltzaileari aparteko laguntza eskaini ahal izateko».

Ikerketan sortutako beste ideia garrantzitsu bat aplikazio mugikorrak depresioaren tratamenduan genero-ikuspegia kontuan hartzea izan zen, gizonek eta emakumeek sintomatologia desberdina izaten baitute. Adibidez, emakumeek erru sentimendu gehiago dituzte, tristura handiagoa, eta, gizonek, berriz, suminkortasun handiagoz adierazten dute depresioa. Hori kontuan hartzea gako da diagnosi eta tratamendu okerra saihesteko.

PERTSONAK PROTAGONISTA

Ikerketa-taldeak azpimarratzen duen puntuetako bat azken erabiltzaileek aplikazioen garapenean izan behar duten rol protagonista da, sortze-prozesuaren hasieratik amaierara arte: «Erabiltzaileen iritzia kontuan hartzen ikasi behar da, eta ulertu behar da prozesua ez dela amaitzen erabiltzaileek aplikazioa baliozkotu arte. Batzuetan, kogenerazioa gorabehera, paperean baliozkoa dirudienak praktikan ez du funtzionatzen. Beraz, garrantzitsua da garatzaile taldeak kontuan izatea aldaketak egon daitezkeela lehen testaren ondoren», azaldu du Carme Carrionek, UOCeko Osasun Zientzien irakaslea ere badenak.

EvalDepApps proiektuaren hurrengo urratsa parte-hartzaileak biltzea da, erabiltzaileek tresna hori probatzeko aukera izango duten proba pilotu bat egiteko. Baliozkotu ondoren, depresioa duten pertsonek aplikazio mugikor bat izango dute, jarritako plan terapeutikoan lagunduko dien teknologia egoki bat hautatzeko. Printzipioz ikerketa teknologia garatzaileentzat pentsatua ez badago ere, ikertzaileek azaldu dute baliagarria izan daitekeela pazienteek kontuan hartzen dituzten alderdi garrantzitsuenak zein diren jakiteko eta aplikazioaren diseinuan txertatzeko.

UOCeko eHealth Centre osasunaren eta teknologia berrien esparruko beste proiektu batzuetan ere ari da lanean gaur egun, hala nola onkologiako profesionalentzako gaitasun digitalak hobetzen; bularreko minbizia izan duten pertsonentzako esku-hartze digitala garatzen; emakumeentzako esku-hartze digitala diseinatzen menopausiaren aurreko etapan; eta Osasunaren Mundu Erakundearen aplikazio mugikor bat ebaluatzen, adimen artifiziala barne hartzen duena, larruazaleko gaixotasunen diagnostikoan lehen mailako arretan lan egiten duten profesionalei lagundu ahal izateko.