
Elkar Fundazioaren Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketak edizio berri bat jarri du abian. Aurtengoa 18. deialdia da, betiko helburuei helduz: «euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta haur eta gazteen sormena piztea».
Milaka parte hartzaileren irudimena eta talentua bildu dituen lehiaketak aurten inspirazio iturri izango diren lanak jakinarazi ditu. Haurren kasuan, Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’-k idatzitako ‘Tapiz Berria’ ipuina izango dute «irakurgai eta irudikagai», eta «Iñaki Holgado ilustratzailearen lana izango dute oinarri haien istorio propioak sortzeko».
Gazteen kategorian, bi erronka ditu komikiaren atalak; «Holgadok hasitako komikiari jarraipena ematea edo berak proposatutako gaiari –kirolaz gozatu– hasiera berria ematea».
Era horretara, Holgadok egindako ilustrazio bat emango du antolakuntzak, horren inguruko ipuin bat sortzeko. Lana euskaraz izan behar da eta ordenagailuz idatzita, orri bakar batean. Gazteen kasuan, Holgadoren komiki baten bineta izango da asmatu behar duten istorioaren abiapuntua, horri jarraipena emanez edo «kirolaz gozatu» gaia mantenduz.
Elkar Fundazioak nabarmendu du «haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain», ikastetxeentzako sari bereziak aurreikusten dituela deialdiak. Zehaztu dutenez, lau sari emango ditu Laboral Kutxak: «hiru ikastetxek 100 euroko saria jasoko dute parte hartzeagatik eta ilustrazioa aurkezten duten ikasleen artean pailazo baten ikuskizuna zozketatuko dugu ikasgela guztiarekin gozatzeko». Gainera, Irrien Lagunen Klubak beraien aldizkariko harpidetza batekin sarituko du parte hartzea.
Lanak aurkezteko epea apirilaren 15era arte zabaldu dute.
