
Gaur egun beste begirada batekin begiratuko genioke, hori egia da. Halere, ‘9½ Weeks’ (euskaraz ‘9 aste eta erdi’) filma erotikoa 80ko hamarkadako dokumentu edo lekuko aparta kontsidera daiteke, bere estetika eta edukiagatik. 1986 urteko otsailaren 20an estreinatu zen Estatu Batuetako zinema aretoetan Adrian Lyneren hirugarren filma, zinema erotikoaren ikur ez ezik, Mickey Rourke eta Kim Basinger izar bihurtuko zituen film ikonikoa.
Askok ez dakite, baina gidoia nobela autobiografiko batean oinarritzen da. Elizabeth McNeill izengoitiarekin argitaratu zuen Ingebord Day idazle eta editoreak eta, liburuaren protagonista eta haren egokitzapen zinematografikoan bezala, harreman sadomasokista konbultsibo eta traumatikoa bat bizi izan zuen Dayek.
Eleberri ‘bero’ horretan oinarritutako pelikula bat egiteko apustuak ausardia behar izan zuen, Hollywooden gaia ‘B zinemaren’ edo aurrekontu txikiko ekoizpenentzat jotzen zelako. Adrian Lynek ‘Flashdance’-ren arrakasta bere alde zuen, baina kosta egin zitzaion finantzaketa lortzea.
Mickey Rourkek ibilbide bat zuen jada eta haren izena eta aurpegia aski ezagunak ziren ordurako. Kim Basinger, ordea, ezezaguna zen. Bere curriculum-ean: ‘Playboy’ aldizkariko azala bat eta, ‘Never Say Never Again’ (1983) filmean, Sean Conneryren ‘neska Bond’ bat izan zela.
Papera eskuratu ahal izateko, lau hanketan lurretik bileteak jasotzen dituen eszena eskatu zitzaion. Kimek ez zuen umiliazioa jasan eta eszena erdian utzi zuen, castinga galdutzat eman zuelarik. Gau hartan Lyneren lore sorta bat jaso zuen hotelean.
Jonathan Elias (‘Blade Runner’) eta John Taylorren (Duran Duran taldeko baxua) soinu-bandak filmaren arrakastari lagundu zion, hainbat talde ezagunen bertsioak tartekatu zituelako: Eurythmics, Jean-Michel Jarre... eta Joe Cocker. Eta protagonisten ibilbideari buruz, Mickey Rourke bere buruaren karikatura bihurtu zen, eta Kim Basinger, zinemako izar.

«Gurea oso gizarte desmemoriatua da, eta horrek akats berberak errepikatzera eramaten gaitu»

«Zure klubarekin titulu bat irabaztea, titulu bat altxatzea, amesten duzun zerbait da»
