GAUR8

Duela hogei urte hilik agertu zen bere ziegan Igor Angulo euskal presoa

2006ko otsailaren 27an Igor Angulo Iturrate euskal preso santurtziarra hilik agertu zenetik Cuencako espetxean. Egun batzuk geroago, martxoaren 3an zehazki, beste euskal preso bat, Roberto Sainz Olmos, Aranjuezeko kartzelan hil zen, Espetxe Erakundeak osasun-laguntzarik gabe utzi zituelako.

2009an Santurtzin egin zen protesta, bi presoen heriotza gogora ekarriz.
2009an Santurtzin egin zen protesta, bi presoen heriotza gogora ekarriz. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bertsio ofizialaren arabera, gaur hogei urte Cuencako funtzionarioek ziegako barroteetatik zintzilik aurkitu zuten Igor Angulo Iturrate (Santurtzi, 1973ko martxoaren 9a - Cuenca, 2006ko otsailaren 27a) 8:00etako kontaketan. Albiste agentziek espetxeko iturrien arabera zabaldu zutenez, «leihotik zintzilik zegoen bota bateko lokarriarekin».

Etxeratek eta Anguloren senitarteko eta lagunek zalantzan jarri izan dute beti bertsio hori, ez baitator bat bezperan izan zuen jarrerarekin. «Ez dugu zalantzarik. Mundu guztiak jakin dezala Igor hil dutela», adierazi zuen ozen Idoia Muruagak, preso santurtziarraren bikoteak, Bilbon egin zuen agerraldi publikoan. Mugikorrera egin zioten dei baten bidez jakin zuen bere heriotzaren berri.

Bertsio ofizialaren arabera, Angulok bikotearekin hitz egin zuen egun berean hil zen. Dei hartan Angulok kontatu zion puzzle bat prest zuela bere seme Aitzolentzat, espetxeko patioa izoztuta zegoela, partxisean edo xakean jolasteko lagunen bat bilatuko zuela, postalak bidaliko zizkiela bi laguni... Deiak bost minutukoak ziren eta handik hiru egunetara berriro hitz egingo zutela adostu zuten. «Esan zidan hiru aste besterik ez zirela falta berriro elkarrekin egoteko eta elkar ukitu ahal izateko, eta maite ninduela ere esan zidan. Alai, barrez... bikotearen arteko elkarrizketa tipikoa. Aitzolez ere galdetu zidan», kontatu zuen.

Suizidioaren tesia ontzat ematean, eginbideak artxibatu zituen epaileak. Ez zen gehiago ikertu. Handik gutxira hil zen Aranjuezeko kartzelan Roberto Sainz, Baru, euskal presoa.