GAUR8

Abian da Gasteizen euskarazko gazte sorkuntza bultzatzeko Batera deialdi berri bat

Gazteen artean sormena eta euskarazko kultura proiektuak bultzatzea helburu duen Batera deialdi berri bat jarri dute abian Gasteizen. 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago ekimena, jarduera anitzak sustatzeko, izan liburu baten argitalpena edo app bat sortzea, besteak beste. 

Irudian, Euskararen Hiria jaialdia Gasteizen.
Irudian, Euskararen Hiria jaialdia Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Batera euskarazko proiektu kulturalak bultzatzeko deialdiak edizio berri bat jarri du abian Gasteizen. Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatzen duen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK), Gauekoak programarekin elkarlanean antolatu du beste urte batez. 

Deialdia 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta Gasteizen edo Araban bizi, ikasi edo lan egiten badute, eta helburua euskaraz sortutako kultur proiektuak sustatzea da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edozein diziplina edo formatutako proposamenak aurkez daitezke, betiere euskarazko sorkuntzan ekarpena egiten badute. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 26ra egongo da zabalik.

Batera deialdiak ekimen kultural jakin baten garapenari diruz laguntzeko helburua du, Internetek eskaintzen duen ‘crowdfunding’ aukera baliatuz; liburu bat argitaratzea, jaialdi bat antolatzea, app bat sortzea, podcast bat martxan jartzea, erakusketa bat egitea, bideo jolas bat garatzea, euskarazko lelodun kamisetak egitea edota sare sozialetarako edukia sortzea izan daiteke.

Eragina euskararen erabileran

Deialdiak gazte euskaldunek euskaraz garatutako kultur proiektuak hartzen ditu kontuan, eta kulturaren arloan gauzatzeko edozein ideia baloratuko da. Bereziki, euskararen erabileran eragina izango duten, gazte euskaldunen sustatze ahalmena indartuko duten eta euskararekiko atxikimendua sendotuko duten proposamenak izango dira kontuan.

Aurkeztutako proposamen guztien artean, bi proiektu hautatuko dira, eta deialdiari buruzko informazio guztia, parte hartzeko baldintzak, aurkezteko modua, hautaketa prozesua, laguntza ekonomikoak eta ‘crowdfunding’-aren funtzionamendua webgunean dago  eskuragarri.