«Amen heriotza tasa altuak eragiten dituzten arrazoietariko asko prebenitzeko modukoak dira»
2023an 260.000 emakume hil ziren munduan erditzean edo haurdunaldian. MSF-ko emagina den Gema Latorrerekin mintzatu da GAUR8 errealitate horri buruz.

Mundu mailan, bi minututik behin emakume bat hil egiten da haurdunaldian edo erditzean sortutako arazoengatik. 2023. urtean, 260.000 izan ziren hildako emakumeak, Nazio Batuen arabera. Beste modu batera esanda: egunean 700 emakume baino gehiago hil ziren erditzean edo hardunaldiarekin lotutako konplikazioen ondorioz. Heriotza gehienak errenta txikiko edo ertaineko herrialdeetan gertatu ziren. Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu duenez, kalitatezko arreta obstetriko batekin saihets daitezkeen heriotzak dira gehienak. Odoljarioak, infekzioak, hipertentsioa eta abortu ez seguruak dira amen heriotzen kausa nagusiak.
2024an, gobernuz kanpoko erakundeak 369.000 erditze lagundu zituen mundu osoan, 1.000 baino gehiago egunero, 2023an baino %9 gehiago. Nigerian, Afrika Erdiko Errepublikan eta Bangladeshen izan ziren erditze horien %15 inguru. Urte horretan bertan, MSFk 63.200 abortu seguru lagundu zituen, aurreko urtean baino %16 gehiago. Bada, errealitate gordin hori hobeto ezagutzeko, Gema Latorre MSFko emaginarekin izan da GAUR8.
Alarma eragiten duten datuak dira. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Amen heriotza eragiten duten arrazoiak jakinak dira. Mundu guztian berberak dira, berdin du Nigeriaz edo Bangladeshez ari garen. Lehenengoa, erditzean edo ondoren sor daitekeen hemorragia obstetrikoa da. Guztien artean, kausa hilkorrena da. Bigarrena, infekzioak dira. Hirugarrena, hipertentsioa haurdunaldian. Laugarrena, erditzea bera. Azkenik, bosgarrena, abortu ez seguruak dira. Hilkortasunaren kausak berdinak badira ere, zifrak izugarri aldatzen dira herrialde batetik bestera. Espainian, amen hilkortasun tasa 100.000 emakumetik hirukoa da. Aldiz, lan egiten dugun herrialde batzuetan, 100.000 emakumetik 1.000 hiltzen dira. Horrek ondorengoa ondorioztatzera garamatza: kausa horietako asko prebenitzeko modukoak dira.
Kaleratu berri duzuen txostenean, hilkorrak izan daitezkeen «hiru atzerapenak» aipatzen dituzue.
Bai, hala da. Lan egiten dugun herrialde batzuetan amen heriotza tasa oso altua da, bai ospitaleak ez daudelako eskuragarri bai txostenean aipatzen ditugun hiru atzerapen horiengatik. Askotan, laguntza eskatzen dutenerako beranduegi da. Alerta seinaleak identifikatzen jakitea berebizikoa da, horregatik hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak oso garrantzitsuak dira. Erditzea konplikatu egiten denean, emakumea minutu gutxian hil daiteke. Alerta seinale horiek modu goiztiarrean identifikatzea heriotzaren eta bizitzaren arteko marra izan daiteke. Beste batzuetan, nahiz eta laguntza eskatu, ospitalea edo osasun egiturak ez daude eskura eta garraioa oso garestia da. Txostenean hiru emakumeren adibidea aipatzen da. Herminak, Afrika Erdiko Errepublikan, oinez lau ordu egin zituen ospitalera iristeko, goizeko bostetatik bederatzietara. Murjanatuk, Nigerian, laguntza eskaera atzeratu behar izan zuen kontsulta ordaintzeko diru nahikorik ez zuelako. Saberak, rohingya errefuxiatua Bangladeshen, etxeko objektuak saldu behar izan zituen. Funtsezkoa da tokian tokiko emaginak trebatzea, laguntza mediko espezializatua jasotzeko aukerarik ez dagonean, larrialdiak komunitatean ahalik eta hoberen artatu ahal izateko.
MSF gobernuz kanpoko erakundearekin lan egiteaz gain, Madrilgo ospitale publiko batean ere lan egiten duzu. Zer-nolako aldeak ikusten dituzu batetik bestera?
Esan bezala, hilkortasunaren motiboak mundu guztian berdinak diren arren, datuak errotik aldatzen dira. Madrilen ospitale publiko batean zein MSFrekin lan egin ahal izateak testuinguru desberdin horiek alderatzea ahalbidetu dit. Alde izugarria dago, batez ere, emakumeek ospitalera iristeko duten erraztasunean. Batangafon, Afrika Erdiko Errepublikako iparraldean, adibidez, emakume haurdunek 100 kilometro egin behar dituzte arreta jasotzeko. Iristen direnerako, egoera kritikoan egon ohi dira. Horrek ondorioak larriagotzen ditu. Aldiz, Espainian oso denbora gutxi behar da ospitale edo osasun-etxe batera iristeko. Emagin gisa, nire lana ez da aldatzen han edo hemen. Larrialdi obstetriko bat artatzeko gaitasuna bera da. Hori bai, Madrilen baliabide gehiagorekin eta profesional talde handiago batekin. Eta haurdun dauden emakumeak segituan joaten dira ospitalera arazo txikiena sumatzen dutenean, eta hori faktore erabakigarria da.
Yemenen, Senegalen, Kongon, Sudanen izan zara. Nola deskribatuko zenuke bertan aurkitutakoa?
Segurtasun gabeziak ezaugarritzen ditu herrialde horiek. Biolentzia tasa oso altua da eta sexu biolentzia arma gisa erabiltzen dute talde armatuek. Sudanen izan da nire azken misioa. Emakumeek segurtasun-gabezia izugarria jasaten dute eta bortxatuak izateko arriskua ere oso altua da. Arma gerra gisa erabiltzen dituzte. Zaila egiten da hori barneratzea.

Nola gerturatzen zara muturreko biolentzia eta sexu biolentzia sufritu dituen emakume batengana?
MSFk lan egiteko metodologia bera du testuinguru guztietan. Komunitateekin batera lan egiten dugu, komunitateetan txertatzen gara. Pentsamolde paternalistatik aldentzen saiatzen gara, eta tokiko langileekin, eta, batez ere, komunitateekin batera, lan egiten dugu. Beti aintzat hartzen ditugu emagin tradizionalak, komunitateetako liderrak, eta garrantzi handia ematen diogu osasun hezkuntzari. Komunitateekin egindako talde lana da gurea. Onarpena beti oso ona da, hain zuzen ere, ez ditugulako gure Mendebaldeko medikuntza eta teknologia aurreratuko metodoak inposatzen, baizik eta gu egokitzen gara euren beharretara. Tokiko kultura lehen lerroan jartzen dugu komunitateetan integratzeko. MSFren neutraltasuna eta inpartzialtasuna erabatekoak dira, ez dugu posizio politikorik hartzen. Laguntza medikoa eta humanitarioa eskaintzeko gaude, besterik ez.
Sudanen egon berri zara. Ahaztutako krisi humanitarioen zerrendan dago, nahiz eta egoera lazgarria den bertan. Zer aurkitu duzu?
Gatazka armatua 2023ko apirilean areagotu zen, duela hiru urte ia. RSF Azkar Laguntzeko Indarrak taldearen eta Gobernuaren arteko gerrak mundu mailako desplazamendurik handiena eragin du. 11,5 milio desplazatu daude Sudanen barruan eta beste lau milio pertsonak herrialdetik ihes egin dute. Nazio Batuen arabera, 25 milioi lagunek elikagai arloko segurtasunik eza pairatzen dute, eta askok desnutrizioa. Talde armatuak errefuxiatu esparruetara iritsi izanaren lekuko izan gara. Zoritxarrez, hildako eta zauritu asko eragin dituzte eraso horiek. Egoera oso kritikoa bada ere, gobernuz kanpoko erakundeen presentzia izugarri murriztu da Sudanen segurtasun gabezia horregatik, baita finantzaketaren murrizketengatik ere. Ez dugu nahikoa baliabide biztanle guztiak artatzeko, gainezka gaude. Hogei ospitale eta hamasei osasun zentro kudeatzen edo laguntzen ditugu herrialdean. Gure mediku taldeek arreta kirurgikoa, zaurien tratamendua, fisioterapia, amatasuna, nutrizioa, zerbitzu pediatrikoak, arreta mediku orokorra, txertaketa kanpainak eta buruko osasuna eskaintzen dituzte Sudaneko hemezortzi estatuetatik zortzitan. 2025ean 720.000 kontsulta anbulatorio baino gehiago egin genituen, ia 200.000 larrialdi artatu genituen, 1.800 ebakuntza kirurgiko baino gehiago egin genituen, 24.000 erditze inguru lagundu genituen, sexu-indarkeriagatik 3.100 kontsulta baino gehiago eman genituen eta osasun mentaleko 8.500 kontsulta baino gehiago eskaini genituen.
Zer ondorio ekarri ditu laguntza humanitariorako finantzaketaren murrizketak?
Jada, ondorioak ikusten ari gara. MSFk ez du gobernuen aldetik diru-sarrerarik jasotzen, baina tokian dauden erakundeen kopurua asko murriztu da. Eragile eta elkarte desberdinek sarean lan egiten dugu leku bakoitzeko beharrei ahalik eta modu eraginkorrean erantzuteko. Finantzaketa murriztu izanaren ondorioz, funtsezko jarduerak, hala nola giza immunoeskasiaren birusaren eta beste gaixotasun kroniko batzuen jarraipena egiten zituzten erakunde garrantzitsuak desagertu dira. Sistema humanitarioaren finantzaketak, esaterako, inoizko beherakada handiena jasan du. Nazio Batuak eta beste erakunde multilateral batzuk eraginkortasuna galtzen ari dira eta beren etxeetatik derrigorrean ihes egin duten pertsonen kopurua duela hamar urtekoaren bikoitza da. Malaria, giza immunoeskasiaren birusa, tuberkulosia edo desnutrizioa prebenitzeko eta artatzeko funtsezko programak eta sexu eta ugalketa osasuneko zerbitzuak larriki kaltetzen ari dira.
Malariaren aurkako borroka kolokan dago Afrikako herrialde askotan, 2023an gaixotasunak 600.000 heriotza inguru eragin bazituen ere. Gainera, kasuen gorakada prebentzio kanpainen paralisiarekin batera gertatu da. Halaber, sexu eta ugalketa osasunak atzerakada handia izan du, antisorgailuetarako, jaio aurreko arretarako eta sexu indarkeriari erantzuteko funtsak bertan behera geratu baitira, eta horrek nahi gabeko haurdunaldi eta amaren heriotza gehiago eragiten ditu. Emakume eta neskatoen babesgabetasuna izugarri areagotu da.
MSFk nabarmendu duenez, abortu ez seguruak dira heriotza kausa ezezagun eta estigmatizatuenetako bat.
Oraindik orain, abortua gai tabua da. Gure kanpainetan eta jardueratan asko lantzen dugu, amen heriotza eragiten duten bost arrazoi nagusien artean baitago %100ean prebenitu daitekeenean. Lege murriztaileen, tabuaren eta estigmaren ondorioz, emakumeek seguruak ez diren abortu metodoak erabiltzen dituzte, eta heriotza arriskua esponentzialki handitzen da. Emakumeei sexu eta ugalketa hezkuntza osoa ematen zaienean, eta heziketa horrek familia plangintzako metodo eskuragarriak hartzen dituenean, mundu guzti-guztiaren eskura daudenak, heriotza-tasak ia ez dira existitzen.

Nola lantzen duzue gai hau komunitateetan?
Oso lan delikatua da, denbora asko behar duena, ez da gauetik goizera inplementatu dezakezun zerbait. Kanpaina horiek beti komunitateen barruan egiten dira, kontu handiz. Komunitateko kide guztiak sartzen ditugu, emakumeak, senarrak, komunitateko liderrak. Modu ez-seguruan abortatzeak dakartzan arriskuen berri ematen zaie, medikuntza tradizionaleko metodoetara jotzeak edo haurdunaldia beren kasa eteten saiatzeak dituen arriskuen berri. Arriskuei eta plangintza-metodoei buruzko informazioa ematen zaienean, oso harrera ona izaten dute, harrigarria bada ere. Deigarria da lege murriztaileak dituzten herrialdeek abortu tasa baxuagoa ez izatea, kontrakoa baizik: lege murriztaileak dituzten herrialdeek segurua ez den abortuen tasa altua dute, eta, legeak irekiagoak diren herrialdeetan, berriz, segurua ez den abortuen tasa ia zerora jaisten da, logikoa den bezala.
Bizi osorako zer ondorio eragin ditzake segurua ez den abortu batek?
Larriena, noski, heriotza da. Abortua eragitearren, umetokitik mota askotariko objektuak sartu dituzten emakumeak artatu ditugu; beste batzuek botika tradizionalak erabiltzen dituzte. Horrek guztiak odoljario eta infekzio larriak eragin ditzake, eta, ondorioz, emakumea hil egin daiteke, ugalkortasuna gal dezake edo atzera bueltarik gabeko bestelako ondorio ginekologikoak pairatu ditzake.
Zer islatzen du amen heriotza tasa altuak?
Amen heriotza tasa emakumeen osasunari eta eskubideei eragiten dieten desberdintasun zabalagoen isla argia da. Amen heriotza tasa altuaren atzean genero arrakala dago. Emakumeak eta haien osasuna agintarien lehentasun izan beharko lirateke, baina testuinguru askotan bigarren mailan daude. Ama erditzean edo haurdunaldian hiltzeak ondorio sakonak ditu, bai familiarentzat, bai eta komunitatearentzat ere. Haurtxoek 46 aldiz arrisku handiagoa dute hilabetea bete baino lehen hiltzeko, desnutrizioa jasateko eta ohiko txertorik ez hartzeko. Eta hori guztia amen heriotza tasak neurri errazekin murriztu daitezkeenean gertatzen da, esaterako, prestatuta dauden langileekin eta inbertsioarekin. Gai honi ikusgarritasuna eman behar zaio. Gure esku dago aldatzea.
Zer ematen dizu tokian bertan lan egiteak?
Niretzat esperientzia pertsonal oso atsegina da. Umiltasun ariketa bat da, laguntzekoa, partekatzekoa, ez gure moduak inposatzen saiatzekoa, egokitzen ikastekoa baizik. Testuinguru bakoitzean bertako ikaskideekin bat eginez lan egin daiteke, asko ikasten baitut horiengandik. Testuinguru horietan lan egitea eskola bat da, egunero ikasi eta partekatzen duzu. Pertsonei dagokienez, zorionekoa da bizimodu bikoitz hori eramatea, Madrilgo ospitale publiko batean lan egitea, eta, bat-batean, erabat aldatzea eta horrelako lekuetan lan egitea.
Zer ekartzen duzu misio bakoitzetik?
Niretzat garrantzitsuena hemen duguna baloratzea da, horretaz kontzientea izatea. Han nagoenean konturatu egiten naiz benetan gauza oso gutxirekin bizi gaitezkeela. Baina, eskura hainbeste gauza eta baliabide ditugunean, ez ditugu horiek behar bezala baloratzen. Ez duzu hainbeste baloratzen ospitale bat hain gertu izatea, behar bezala elikatuta egoteko bitartekoak izatea, segurtasuna izatea... Niretzat ikaskuntza nagusia da daukagunari balioa ematea.
Zeintzuk izan da positiboki eta negatiboki gehien hunkitu zaituzten gertakariak?
Gero eta bizipen eta oroitzapen gehiagorekin betetako motxila dut, eta zaila egiten zait baten bat nabarmentzea, baina Nigerian tentsio igoera batekin artatutako emakume bat dut gogoan. Konbultsioekin iritsi zen, haurdunaldia amaitzear zela. Oso baliabide gutxirekin eta bertako taldearekin umea eta ama salbatzea lortu genuen; haurrarekin etxera joatea lortu genuen, biak osasuntsu. Handik bi egunera familiarekin eta komunitateko beste emakume batzuekin itzuli zen ospitalera, niri abesti bat abestera. Eskerrak emateko ekintza xume horrek bihotza hunkitu zidan. Ez da erraza haientzat leku batetik bestera mugitzea. Emakumeak esker ona adierazi nahi zigun, baina baita komunitate osoak ere. Zirraragarria izan zen, egia esan. Beste batzuetan, albisteak ez dira onak. Sudanen egin dudan azken misioan, emakume bat iritsi zen gure ospitalera hankan bala zauri batekin. Iritsi zenerako beranduegi zen eta hil egin zen. Horrelakoek ere markatzen zaituzte.
Medikuntzako azpiegituren eta osasuneko langileen kontrako erasoak ugaritu egin dira azken urteetan gatazka testuinguruetan. Nazioarteko zuzenbide humanitarioa paper erre bilakatu dela dirudi. Nola da posible horrelako baldintzetan lan egitea?
Medikuntza azpiegituren eta osasun langileen kontrako erasoek gora egin dute azken urteetan gatazka armatuak pairatzen dituzten testuinguru askotan. Lankideak galdu ditugu eraso horietan. Segurtasun gabezia oso larria da, hortaz, lekuan bertan hartzen ditugun segurtasun-neurriak ahalik eta muturrekoenak dira. Dena den, eguneroko lanean ez gaude horretan etengabe pentsatzen, bestela ezingo genuke bertan egon. Gure lana bada ere gertatzen diren erasoak, giza eskubideen urraketak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren hausteak salatzea.



