Biolentzia negozioa bada
148 pertsona, izen eta abizen, hil dituzte Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Shajareh Tayyebeh Lehen Hezkuntzako eskolan, gehienak neskatoak ziren. Asaldatuta egongo dira gure agintariak igual, baina intimitatean. Badakigu hildako guztiak ez direla berdin; pasa berri da martxoaren 3a. Juan Mari Atutxak ere adierazi zion herriari berak ez duela arazorik barkamena eskatzeko Rosa Zarraren heriotzagatik, baina ETAk hildako hamabost ertzainenak ere sartu beharko genituzkeela pakete horretan: «erailak izan ziren hamabost ertzainek ere, haren senitartekoek ere, zerbait entzun nahiko dute».
Amnesty internationalek salatu zuen haien konplizitatearekin mundu osoko estatuak, erakunde publikoak eta enpresak ekarpena egiten ari direla Israelek nazioarteko zuzenbidea lasai urra dezan; besteak beste, Gazako Zerrendako palestinarren aurka egiten ari diren genozidioan, Palestinako lurralde osoaren legez kanpoko okupazioan, hauen kontrako apartheid sistema krudela legitimatuz. Enpresa horien artean CAF euskalduna agertzen da. EAJk, ondorenean, adierazi zuen Gazako genozidioaren erantzukizuna Netanyahuren Gobernuarena dela, eta ez CAFena, hots, euskal enpresak Israelekin duen kontratuaren azterketa legal bat egin duela.
Josu Jon Imazek aldiz, Repsolen ordezkari eta EAJko presidente izandakoak, hala esan zion Donald Trumpi aurpegiz aurpegi: «Eskerrik asko, presidente jauna, Venezuela hobea izateko atea irekitzeagatik. Repsol prest dago Venezuelan asko inbertitu eta hala petrolio gehiago ateratzeko».
Sidenorreko presidente eta duela gutxi Talgoko presidente ere izendatutako Jose Antonio Jainaga eta enpresako beste bi zuzendari ikertzen ari dira kontrabandoa egiteagatik, Gazan genozidio eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izateagatik, eta baita gatazka armatuetan babestu beharreko pertsonen eta ondasunen aurka egiteagatik ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak Jose Antonio Jainagarengan duen konfiantza berretsi du; Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du bi gai diferente direla (negozioa eta etika. Hau nik diot): «Ez gara aurrez egindako epaiketetan edo epaiketa paraleloetan eroriko».
Imanol Pradales lehendakaria BIEMH Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 33. edizioaren inaugurazio ofizialean izan da. Euskal enpresak Europako berrindustrializazioaren haizeak aprobetxatuz gero duen aukera-egoera nabarmendu du, eta neurri garrantzitsuak eskatu ditu merkatua babesteko eta produkzio-ekipoen berrikuntza bultzatzeko. Ukraina, Gaza, Iran… Testuinguru honetan, Alemaniak berrarmatzean eta gerra ekonomian oinarritutako berrindustrializazio masiboa bizkortu du; hara hor Europaren berrindustralizazioaren haizeak. Arma-enpresen irabaziek gora eta gora egiten dute, gehienak Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan daude, noski. Azken hauteskundeetan adierazi zuen Pradalesek Euskadik gogoratzeko eta memoria selektiborik gabe biolentzia kondenatzeko gaitasuna duen lehendakari bat merezi duela. Ez ahaztu, ETAri ezin zaio talde armatu deitu, talde terrorista deitu behar zaio, eta estatuek paper bat jokatzen dute, ez dute erantzukizunik.
Hori bai, EH Bildu da euskal gizartearekin zor etiko izugarria duen bakarra. Biolentziaren deslegitimizazioan bide luzea du egiteko. •



