Old Creepy Labor-en ajeak
Keir Starmer agintari tamalgarria da, eta badirudi britainiarrak ohartzen hasi direla. Tristea da begiak ireki dizkiena ez izatea laboristen buruak Donald Trumpen aurrean erakutsitako koldarkeria, ez bere agenda neoliberala, ez eskubide eta askatasunen aurkako erasoak, ezta Gazari buruzko jarrera ere. Hautesleen zati bat politikari eskas honen aurka altxarazi dituena “Epsteinen paperak” izan dira.
New Labor deitu zutena Old Creepy Labor bihurtu da. Lord Peter Mandelson “hirugarren bidea” delakoaren sortzaileen taldeko kide izan zen, Tony Blairren gidaritzapean. 2024ko hauteskundeak irabazteko estrategian Starmerren aholkularia izan zen. Luzaroan, Mandelsonek harreman estua izan zuen Jeffrey Epsteinekin, eta tartean mesede-trukeak egon ziren.
2025eko otsailean Mandelson Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadore izendatu zuenean, Starmerrek bazuen harreman horren berri. Iazko irailean, Mandelson kargugabetu behar izan zuen, Epsteini bere prozesu judizialari buruzko aholkuak eman zizkiola jakin eta gero. Orain Mandelson atxilotu dute, emakume gazteen harrapakariari txosten ofizialak filtratzeagatik, besteak beste.
Gehiengo parlamentario handia izan arren, Alderdi Laborista gainbeheran doa, eta porrot umiliagarriak jasan ditu azkenaldian. Joan den astean, laboristak hirugarren postura jaitsi ziren Manchesterreko Gorton & Denton barrutiko hauteskundetan, ia mende batez mantendutako eserlekua galduz.
Aurretik, Starmerrek Manchesterreko alkate Andy Burnhamen hautagaitza blokeatzea erabaki zuen. Ipsosen inkesta baten arabera, britainiarren %52k uste dute Starmerrek dimititu egin beharko lukeela, eta Burnham da hura ordezkatzeko faboritoa. Hori izan da Labour to Win korronte ofizialaren eta Soft Left-en hondarren arteko lehiaren azken atala.
Testuinguru horretan, Ingalaterra eta Galesko Alderdi Berdea ezkerreko botoaren babesleku bihurtu da. Atlantismoarekin eta korporazio handien interesekin lerrokatutako laborismoaren aurrean, «benetako» alternatiba gisa aurkezten dira. Beraiek izan dira, hain zuzen ere, Manchesterreko eserlekua irabazi dutenak, orain arte zinegotzia zen Hannah Spencer hautagaiarekin. Iturgina eta komunikatzaile bikaina da.
Zack Polanskiren lidergoaren eskutik, alderdia 70.000 afiliatutatik ia 200.000ra igaro da urtebetean. Ezker erradikalean kokatzen dira, konplexurik gabe, laborismoak amore eman duen auzi guztietan.
Starmerren traiziotik sortu zen iaz Jeremy Corbynen proiektua. Your Party alderdiak hasiera gorabeheratsua izan du, ordea. Lidergoa Zarah Sultanarekin partekatzeko apustuak kale egin du; etengabeko eztabaidak eta aurpegiratzeak egon dira, baita dirua eta funts komunen kudeaketari buruz ere. Lotsagarria.
Gatazka horrek barne hauteskunde bat ekarri zuen Corbynen The Many eta Sultanaren Grassroots Left-en artean. Azkenean, Corbynen taldeak batzorde exekutiboko 24 kideetatik 14 lortu zituen, Sultanaren bikoitza. Ea nola kudeatzen duten barne zatiketa.
Garaipena lortu ostean, Corbynek Berdeekin koordinazioa bilatuko duela iragarri du, Starmerrek gidatutako laborismoaren eta Nigel Farageren eskuinaren aurkako fronte bateratua sortzeko. Tokiaren arabera erabaki nahi dute hautagaia eta kanpaina. Izan ere, sistema elektoralaren eta une politikoaren arabera, edozeinek irabazi dezake; baita Starmer ere, agidanez.
Sistema osoa mobilizatu zen Corbynek boterea hartzeko hipotesiaren aurka. Polanskiri berdin gerta dakioke orain. Hori bai dela joera orokor bat. •

