GAUR8

Paco Rabal aktore handiaren jaiotzaren mendeurrena

Martxoak 8 honetan ehun urte beteko dira Paco Rabal aktorea jaio zenetik. Ezkertiarra, lehen mailako aktorea, 75 urteetan bizitza xurgatu zuen. Batzuei ez zaie ondo iruditzen, esaterako Vox eta PPri: 2024an Paco Rabal eta Asuncion Balaguerren omeneko plakak kendu zituzten Alpedreten.

Paco Rabal Canneseko jaialdian, 1962ean.
Paco Rabal Canneseko jaialdian, 1962ean. (WIKIPEDIA COMMONS)

1926ko martxoaren 8an jaio zen Paco Rabal Murtziako Cuesta de Gos meatze-barrutian. Han hazi zen, langile xumeen artean. Aita, Benito Rabal, meatzaria zuen. «Aita nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuena izan zen», idatzi zuen aktore berak bere memorietan. Bigarren eredua, anaia nagusia Damian, lehen liburuak eman zizkionak eta ideologian erreferentea bihurtuko zitzaiona.

Aguazil laguntzaile, saltzaile ibiltaria eta bonboigile ikaslea izan zen gaztetan. Chamartingo zinema estudioetan argiketari laguntzaile gisa sartzea lortu zuen arte, helburua aktoreengandik hurbilago egotea zuelako. Eta lortu zuen. 

Asuncion Balaguer aktorea 1947an Jose Tamayoren Lope de Vega konpainian sartu zenean ezagutu zuen eta laister bizitza osorako bikotea bihurtu ziren. Bi seme-alabak izan zituzten: Teresa, telebistan eta zirkuan aski ezaguna egingo zena, eta Benito, zinemagilea.

Ehunka film egin zuen Rabalek. Ehunka pertsonai ahaztezinak gorpuztu zituen: ‘Juncal’ telesaileko protagonista, ‘Los santos inocentes’ filmeko Azarias edo Goya zaharra, ‘Goya en Burdeos’ filman. ‘De Reina santa’ (1947) filman lehenengoa esaldia izan zuen eta errodatu zuen azken filmea ‘Divertimento’ (2001) izan zen, Federico Luppirekin batera.

2001eko abuztuaren 29an ezustean zendu zen eta irailean Zinemaldiaren Donostia saria jaso zuen Liberto Rabalek familiaren izenean. 2007an Donostian erakusketa bat eskaini zitzaion.