Bere jarraitzaileek txalo artean hartu dute Ekrem Imamoglu deklarazioa ematera zihoanean. 402 pertsonei eragingo dien makroepaiketa honetan, 828 eta 2.352 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu herrialdeko fiskaltzak. Guztiak ordezkari politiko edo langile publikoak ziren.
Imamogluk «epaiketa politikoa» salatu du, berretsiz helburu bakarra bera eta CHP hauteskundeetatik baztertzea dela, AKP alderdi islamista eta Recep Tayyp Erdogan presidentearen popularitatea behera egiten ari den une batean.
25 urteko agintaldi islamistari amaiera emanez, 2019an heldu zen Turkiako hiri handieneko alkate izatera Imamoglu eta berehala Erdoganen aurreko alternatiba bakartzat jo zuten askok. 2024an berriro hautatu zuten, Erdoganen AKPk udal hauteskundeetan izandako lehen porrot handian. 2025eko martxoan atxilotu, kargutik kendu, espetxeratu eta delitu ugari leporatu dizkiote, besteak beste, eroskeria, kapitalak zuritzea, lizitazioak manipulatzea, estortsioa eta iruzurra.
CHP alderdi sozialdemokratak, alderdi liberal eta europarzaletzat du bere burua. Mustafa Kemal Ataturken politiken jarraitzaile da eta ondorioz laizismoaren defendatzaile. Alderdi oso zentralista da ordea, federalismoa zuzenean baztertzen duena eta ondorioz, gutxiengoei eskubideak bermatzearen erabat aurkakoa, bereziki kurduei.


