
Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako 14 merkataritza establezimenduk aintzatespena jaso dute arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako aurrerapausoengatik.
Eskueran egitasmoaren baitan aitortza ekitaldia egin zaie Bermeoko Toki Alai tabernan, eta Bizkaiko hiru udalerriotako ordezkariek parte hartu dute bertan.
Aintzatespenaren bidez, tokiko establezimenduek euskararen presentzia eta erabilera indartzeko erakutsitako konpromisoa nabarmendu nahi dute udalok. Guztira, 70 establezimendu inguruk parte hartu dute Eskueran egitasmoan, eta asteleheneko ekitaldian horietako 14 jasoko dute beren ahalegin eta aurrerapenen aitortza, hau da, gehien nabarmendu direnak.
Eskueran egitasmoa 2023an jarri zuten abian Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek, Behargintza eta Turismo bulegoaren elkarlanarekin; proiektuak, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren babesa du, diru laguntza emanez. Ekimenaren helburua da tokiko eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia sendotzea, bereziki merkataritzan, ostalaritzan eta bestelako jarduera ekonomikoetan hizkuntza praktikak sustatuz.
Merkatarien, tabernarien, ostalarien, enpresen eta langileen arteko lankidetza indartzea eta euskal hornitzaileen eta bezeroen arteko sareak aktibatzea bilatzen dira. Era berean, herritarren hizkuntza eskubideak aitortu eta errespetatzea sustatu nahi da, eta euskararekiko motibazioa eta sentsibilizazioa handitu gizartean.


