Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Marta BARBA

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»

(Jon URBE | FOKU)

Marta Barbari mundu oso bat ireki dio euskarak. 20 urterekin ikastera etorri zen Euskal Herrira. «Soziologia ikasten ari nintzen, Kataluniatik nentorren, hizkuntza minorizatua dagoen herri batetik, eta bizipen propioa neukan nire hizkuntzarekiko. Orduan, hemengo hizkuntza ere ikasi behar nuela sentitu nuen», azaldu digu kafesne banarekin eskuak berotuz mahaian eseri garenean. «Hizkuntzekiko kuriositate handia ere baneukan. Batxilergoan grekoa eta latina ikasi nituen, eta Soziologiatik ere sentsazioa nuen hizkuntza pentsatzeko eta mundua izendatzeko erabiltzen dugula. Nahi nuelako ikasi nuen».

Jakin-min handia sortzen zion, adibidez, esaldi batzuk aldrebes egiteak edo hitz batzuen jatorriak. Gero, Antropologiatik segitu du gehiago, eta gizartea eta kulturak ulertzeko gogo horretatik hizkuntzak ere ahalbidetu dio burmuin sozial horretan sartzea.

«Heldu nintzenetik eskualde ugaritan bizi izan naiz Euskal Herrian, eta hainbat herri mugimendutan inplikatu naiz. Guztietan ez da euskaraz hitz egiten, edo beti ez da euskaraz hitz egiten. Ez ditut herri mugimenduetan parte hartzea eta euskara lotu nahi», argitu du. «Baina egia da parte hartzea erraztu didala, espazio euskaldunetan hizkuntza aldatzera behartu gabe».

Heldu zenean 2008a zen. «Orduan herri mugimenduan beldur handiagoa egon zitekeen heldu berriak ginenonganako, eta euskarak, ziurrenik, mimetizatzea erraztu zuen».

Bizkaian eta Gipuzkoan mugitu da, baita Nafarroan eta Iparraldean ere, eta euskalkiak deskubritu ditu. Hernanin bizi da eta Leitzan egiten du lan.

ESENTZIALISMOTIK URRUN

Bere militantzia eta parte-hartze politikoa lurraren defentsan egin du. Feminismoan mugitu da, okupazio mugimenduan, eta azken urteetan gehiago agroekologian, militatzen eta lanean. Tesia egin zuen EHUn, Ikasketa Feministak eta Generoa, nekazaritzari buruz. Gero Alekan lan egin zuen, Biolurren, Amillubin eta, orain, elikadura dinamizatzaile Cederna Garalurren.

Egia da, bere lan eremua euskaraz izan da. Baina, azpimarratu duenez, ez dator berez euskara gauza batzuekin. Ez luke nahi agroekologiarekin lotu halabeharrez. «Hor ere borrokatu behar dugu euskarak presentzia izan dezan, edo galdetu beharko genioke geure buruari zergatik euskarak presentzia mantendu ahal duen eremu batzuetan, ez esentzializatzeko eta toki batzuk berez euskalduntzat jotzeko. Agian, badituzte baliabideak euskaldunak izateko edo euskara lehenesteko, edo badituzte mugak euskaraz egiten ez dutenak ez sartzeko».

Batez ere pobretutako herrialdeetatik etortzen den jendearenganako diskriminaziorako gai bat gehiago izan daitekeela hizkuntza iruditzen zaio, euskarari garrantzirik kendu gabe. «Ni euskaldundu naiz 20 urterekin heldu nintzelako, oinarrizko beharrak beteta. Ikastetik nentorren, burua fresko, ez nuen zaintza edo diru zamarik. Nire hautua garrantzitsua izan zen, baina ‘erraztasunak’ ere eduki nituen».

Sarri aditu du «baina zein ondo ikasi duzun!». Harritzen da. «Hemen bizi den jendeak txinera edo arabiera ikasten du! Alfabeto ezberdinak dituzten hizkuntzak ikasten dira munduan arrakasta izateko, baina gero ez dugu sinesten gure hizkuntza ikas daitekeenik. Lagun dezente ditut beren gurasoak Espainiatik etorri zirenak eta euskaldundu zirenak. Badago belaunaldi oso bat langile mugimenduari oso lotua garaian euskara bere egin zuena, eta iruditerian presentzia txikia du».

Barbak euskaltegian ikasi zuen erabat. Inguruko jende gehiena Madrildik eta Kataluniatik etorritakoak ziren eta ez zuten ikasi bere momentuan. Baina, aparte, tokatu zitzaion jende ugarik ez zuela egiten. «Gogoratzen dut herri txiki batean auto-stop egin, gazte batek hartu, euskaraz hasi eta berak esatea: ‘Ze arraroa, hemen gazteen artean ez dugu euskaraz hitz egiten’. Askotan pisua kanpotik etortzen direnengan jartzen da, eta batzuetan ni izan naiz lehen hitza euskaraz egin duena».

«Asko kostatzen zaigu hizkuntza batean egiten ohitzen garenean beste batera pasatzea. Edo pazientzia izatea gaizki hitz egiten duen norbaitekin. Euskara ikasteko gaizki hitz egitera ausartu behar duzu, eta inguruak ere beti ez du errazten». Berak hasieratik eman zuen pausoa: ikasle garaian, ostegun unibertsitarioetan. «Ingurukoek bazekiten nongoa nintzen, orduan, gaizki egitea justifikatuta zegoen, eta, gainera, ni ausartzea oso ondo ikusita zegoen».

TOMATEEKIN PAREKATUZ

Antropologian, bi tomate barietateri buruz egin zuen tesia, kanpotik etorri eta gero bertakotu direnak. Aretxabaletakoa duela 40 bat urte heldu zen Gipuzkoara, eta, bestea, Eusko Label markarekin gehien ekoizten dena, Jack barietatea da. «Ulertu nahi nuen, eta paralelismoa egin dezakegu oraingo gaiarekin, zerk egiten duen barietate bat bertako. Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Bai, ez? Orain Leitzan bizi naiz, baina leitzarra ez naiz inoiz izango. Beti izango gara jaio ginen herrikoak?».

«Ni puntu batean katalana sentitzen naiz, baina iruditzen zait egun Euskal Herrikoa edo euskalduna ere banaizela. Ia 30 urte daramatzat hemen bizitzen, eragiten, lurra lantzen eta harremantzen», berretsi du.

Badaude adierazpen kultural batzuk euskaraz direnak. Edo komunikabide batzuk. Berak irakurtzen dituenak euskaraz dira. Euskararen bidez bertsolaritza eta hitanoa deskubritu ditu. Biak izan dira euskara gozamenetik ikasten jarraitzeko moduak. Lurraldea ere deskubritu du, jada Katalunia baino hobeki ezagutzen du Euskal Herria. «Euskarak gertutasun bat, sentsibilitate bat ekartzen dizu. Tokiak eta egiten diren ekimen kulturalak eta artistikoak ezagutzeko gogoa».

Euskarak ahalbidetu dio euskarari buruz ere pentsatzea. Antropologia feministan eta euskal antropologian lan egiten du eta euskara ere hortik ulertu eta habitatzen du. «Badirudi badela zerbait bere horretan, generoa edo hizkuntza. Haziekin berdina da. Zer da bertako hazi bat? Heldu dena, egokitu dena, aldatzen doana. Esentzialismoak nahi gabe ere bazterketara darama. Zer da benetakoa, eta orduan zer ez da? Noski, euskara galtzeko beldurra dago, baina mantendu nahi badugu XX. mendeko euskara edo ez dakit nongoa, beste toki batzuetan egiten diren euskarak ez dira euskara? Ez gara gu?», galdetu du.