GAUR8

Jarduera Fisikoaren Astea egingo dute Gasteizen, kirol areto publikoak ezagutzera emateko

Gasteizen Jarduera Fisikoaren Astea egingo dute apirilaren 13tik 16ra, hirian auzo ezberdinetan dauden instalazio publikoak ezagutzera emateko. Nabarmendu dutenez, hiriak dituen baliabideei esker herritarrek ariketa fisikoa egin dezakete prezio sinbolikoaren truke.

Pertsona bat gimnasioan ariketak egiten, artxiboko irudian.
Pertsona bat gimnasioan ariketak egiten, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak Jarduera Fisikoaren Astea antolatu du apirilaren 13tik 16ra, hilaren 6an ospatuko den Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Eguna dela eta. Horrekin lotuta, ate irekien jardunaldiak egingo dira herritarrek hiriko gizarte etxeetan eta kiroldegietan dauden 11 ariketa aretoak ezagut ditzaten.

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, ate irekien astean zehar, ariketa aretoetan begiraleak izango dira hainbat ordu tartetan, eta sarrera doakoa izango da pertsona guztientzat, harpidedunak izan edo ez.

«Kirol Zerbitzuak ekimen hau martxan jartzea erabaki du herritarrek udal baliabide hau ezagutu dezaten. Horri esker, herritarrek, urte osoan zehar, makinekin jarduera fisikoa egin dezakete prezio sinbolikoaren truke», azaldu du Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak azaldu duenez.

Udal ordezkariak nabarmendu du ariketa aretoak Gasteiz osoan zehar banatuta izateak bizilagunei gehien komeni zaienera hurbiltzea eta sasoian mantentzea errazten dietela.

Gasteizko Udalak 11 ariketa areto ditu Hegoaldeko, Zabalganeko, Iparraldeko, Landatxoko, Ibaiondoko eta Lakuako gizarte etxeetan eta Aranalde, Ariznabarra, Landazuri, Arriaga eta Abetxukuko kiroldegietan.

Bizikleta estatikoak, zintak, eliptikoak, arraun makinak, banda elastikoak eta horma barrak dituzte, bai eta informazio kartelak ere, indar ariketak eta luzaketak nola egin azaltzeko, besteak beste.