GAUR 8

65 ute dira Javier Batarrita Bilboko sarrerako kontrol batean hil zutela

Duela 65 urte, gaurko egunez, Javier Batarrita Elexpuru bilbotarra hil zuten polizia indar espainolek errepideko kontrol batean. Autoan berarekin zihoazenek betiko ondorio fisiko eta psikoklogikoak izan zituzten erasoaren ondorioz.

Javier Batarrita hil zuten lekua, gaur egun.
Javier Batarrita hil zuten lekua, gaur egun. (Monika del Valle | FOKU)

65 urte igaro dira Javier Batarrita Elexpuru bilbotarra errepideko kontrol batean hil zutenetik. Autoan zihoazen beste bi gizonek betiko ondorio fisiko eta psikoklogikoak izan zituzten Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren erasoaren ondorioz. 

1961eko martxoaren 27an, hainbat polizia inspektore, guardia zibil eta polizia armatu auto baten zain zeuden Boluetan, Bilboko sarreran. Gaueko hamarrak aldera, Peugeot 403 bat gelditu eta ateak ireki ondoren, tiro egin zieten auto barrukoei. Metrailatu ondoren, alde egin zuten, ETAko hiru kide hil zituztelakoan. Javier Batarrita, 33 urtekoa, hilda utzi zuten; Jose A. Ballesterosi bala bat bizkarrean geratu zitzaion eta bizitzaren eta heriotzaren artean hainbat aste eman ondoren, gurpil-aulkian geratu zen, eta Fernando Larizgoitia «onik» atera zen «mirariz», tirorik jaso gabe, baina betiko ondorio psikologikoak izan zituen.

«Boluetako hilketa» izenez ezagutuko zen gertakari hura «hutsegitea» izan zen, bertsio ofizialaren arabera, baina ez autoan zihoazenak hiltzeko asmorik ez zutelako, beste batzuk zirela uste zutelako baizik. Bizkaiko gobernadore Ibañez Freirek esan zuenez, «tiro batek ihes egin du eta hildako bat eta larri zauritutako bat deitoratu behar dira». Batarritak 49 bala zulo zituen. Iñaki Egaña historialariak 2015eko urrian GARAn gogorarazi zuenez, “El Correo Español” egunkariak hauxe idatzi zuen: «Humanoa da huts egitea, nahiz eta huts egiteek batzuetan hain ondorio mingarriak dituzten». Hamar bat polizia, inspektore eta guardia zibil epaitu zituzten gertakari harengatik eta absolbitu egin zituzten, inor ez baitzen tiroen egileak identifikatzeko gai izan.
Beren «okerraren» berri izan zutenean, hilketaren egileak itzuli egin ziren krimenaren aztarnak ezabatzeko, biktimen egoeraz arduratu gabe. Ballesteros, larri zauritua, auzokoek jaso eta ezkutuan ospitaleratu zuten, izen faltsu baten pean. Batarritaren alargunak hiltzaile deitu zien Basurtuko Ospitalean zeuden poliziei eta Indautxuko komisariara eraman zuten atxilo. 

2012an, biktima gisa onartua

51 urte igarota, biktima gisa onartu zuten Batarrita, Lakuako Gobernuaren dekretu baten bidez. Duela bost urte, Gogora Institutuak omendu zuen. Ekitaldian, Gabriel Arestik hildako lagunari idatzi zion poema irakurri zuten, “Bizikletero” izenburukoa, Batarritak lotura handia izan baitzuen txirrindularitzarekin. 

Gaur da haren heriotzaren 65. urteurrena eta bere herriaren gogoan dago, frankismoak eta ondorengo demokraziak betiko gorde nahi izan zuten ahanzturatik aterata. Hala ere, polizia indarren eta haien arduradunen inpunitateak bere horretan segitu du.