«Harro hadi»
Martxoaren 16an bete ziren 17 urte hondakinak gaika biltzen hasi ginela Usurbilen.
Zaborra zen dena. 40 urtez zabortegietan pilatutako milioika tona, lixibiatu eta gasekin gainezka bizi ginen. Urgentziazkoa zen ingurumen arazo larriari behin betiko irtenbidea ematea. Udala, gaikako bilketarako talde teknikoa eta ingurumen elkarteak martxan jarri ziren temati.
Gakoa hondakinak gaika biltzea zen eta, Herrialde Katalanetan emaitza harrigarriak lortzen zituen sistema bazuten ere, gurean arrakasta izango bazuen herritarrak benetan aintzat hartu behar ziren. Horregatik prozesu parte-hartzaile zabala abiatu zen urtebete luzean auzo, ikastetxe, komertzio eta lantegiekin, hots, zaborra egunero sortzen zutenekin, lau oinarri hauekin: informatu, eztabaidatu, erabaki (loteslea) eta exekutatu. Hogeitik gora bileratan ia 2.000 herritar zuzenean informatu ziren, eztabaidatu eta erabakia adostu zuten. Harro sentitu ziren egindako bideaz eta adostutako erabakiaz; zer esanik ez sistema berriarekin hilabetean lortutako %76 emaitzaz (egun %87 inguru). Udal alderdi guztiek hartu zuten parte: EAE, EAJ, Aralar, PSE eta EA (1. hilabetea). Halere, herritar talde batek 700 sinadura aurkeztu zituen Udalean galdeketa egin zedin eta Plenoan aho batez egitea eta loteslea izatea erabaki zen.
Galdeketa, 2010eko otsailaren 27an eta 28an burutu zena, emozioz gainezka bizi izan zen. Prozesu parte-hartzailean adostutakoak eta urtebetez abian zen atez ateko bilketa sistemak berriro irabazi zuen bozen %54arekin, parte-hartzea %71koa izanda, historikoa!!!
Geroztik, galdeketa gatazken konponbide banderatzat hartu zuten askok, nago, baina, gakoa herritarrak benetan aintzat hartzean dagoela eta soilik erabakia adostu ezin denean egin beharko litzatekeela galdeketa, ez bestela.
Harro hadi Usurbil, Oria arrora zaborrik ez baituk aspaldian jaurti.
Harro hadi Kantauri itsasoa. •



