GAUR 8

Bilbon amaituko den martxoko egun berean hasi zen Gasteizen Korrika duela mende laurden bat

Gaurko egunez hasi zen Gasteizen XXI. mendeko lehen Korrika, duela 25 ute. Hamabigarrena izan zen, AEKren eta oro har euskal kulturaren aurkako jazarpen politiko-judizial betean. Fermin Muguruzak jarri zion musika eta Andoni Egañak idatzi eta kantatu zuen mezua Baionan, amaierako ekitaldian.

Hamabigarren Korrika, Oiongo (Araba) lurrak zeharkatzen.
Hamabigarren Korrika, Oiongo (Araba) lurrak zeharkatzen. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Amaiera eguna du gaur Korrikak, Bilbon. Duela 25 ute, berriz, estreinakoa izan zuen gaurko eguna, 2001eko martxoaren 29a, hain zuzen. XXI. mendeko lehen lasterketa nazional hura Gasteizen hasi eta Baionan amaitu zen apirilaren 8an. 

Hamabigarren Korrika testuinguru makurrean egin zen, AEKren eta oro har euskal kulturaren aurkako jazarpen politiko-judizial betean. Hala ere, herritarren erantzunari esker oso edizio arrakastatsua izan zen. 

Globalizazioaren hasiera zen, eta Korrikaren leloak bere irakurketa propioa egin zuen: “Mundu bat euskarara bildu”, hizkuntza aniztasuna aberasteko euskarari eutsi beharra eta horretarako konpromisoa aldarrikatuz. 

Edizio hartako kantuaren egileak, Fermin Muguruzak, ondo kontuan izan zuen leloa eta globalizazioaren eta  uniformizazioaren aurrean tokian tokikoaren aldarrikapen satirikoa egin zuen “Big Beñat” abestiarekin

Lasterketaren lehenengo kilometroan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Alaves taldeko kapitain Antonio Karmona bermeotarrak eraman zuen lekukoa, eta hark Juan Jose Ibarretxe lehendakariari eman zion bigarrena egiteko. Korrika batean lekukoa hartu zuen lehen lehendakaria izan zen Ibarretxe. 

Korrika hartan Euskal Herriko Bertsozale Elkartea omendu zuen AEKk, bertsolaritzak «tradizioa eta modernotasuna inork baino hobeto uztartzen jakin duelako», eta bertsolari batek, Andoni Egañak –orduan Euskal Herriko txapelduna–, azken kilometroan lekukoa eramateaz gainera, berak idatzitako mezua kantatu zuen Baionan, Korrika amaierako ekitaldian.

Korrika haren arduradun Xabier Ugaldek GARAri esan zion legeek lagundu diezaioketela euskarari, «baina hiztunek ematen diote zentzua».