
2021eko apirilaren 3an jokatu zen Sevillan Athleticen eta Realaren arteko partidua. Urtebete beranduago jokatu zen, 2020an, pandemia tarteko, atzeratzea erabaki baitzuen Espainiako Futbol Federazioak.
Covid-19aren eragina eta ondorioak nabariak ziren oraindik, ordea. Atzeratutako finala jarraitzaileen presentziarik gabe jokatu zen, bestelako bideetatik sentitu zuten jokalariek berotasuna. Eta bestela gozatu behar izan zuten zaleek norgehiagokaz.
Finaleko partiduaren aurreko egunak itxaropenez beterikoak izan ziren zaleentzat. Martxoaren 17an iragarri zuen, azkenik, espainiar Gobernuak partidua ateak itxita jokatuko zela. 2020an pandemiak eztanda egin zuenetik, konfinamendua eta segurtasun neurriak tarteko, nabaria zen ikuskizunaz eta ospakizunaz gozatzeko jendearen gogoa. Beldurra ere agerikoa zen oraindik, eta zuhurtziaz jokatu beharra zegoen.
Cartujan bertan ere, halako bakardade sentimendua gainetik kentzea ez zitzaien erraza izango jokalariei eta talde teknikoei.
Mikel Oyarzabalek penaltiz sartutako gol batek eman zion garaipena Realari. 63. minutuan gertatu zen hura, lehia biziko partiduan. Realari garaipena eman zion golaren egileak malkoei ezin eutsi helarazi zien mezua senideei, pandemian sufritu zuten guztiei eta Sevillan egotea ezinezko izan zuten realzale guztiei. Gogoangarria izan zen Imanol Alguacil entrenatzailearen ospakizuna eta erreakzioa ere.


