Auzia inpunitatea da
Astearte gauean, ordenagailua itzali aurretik, Donald Trumpen azken harrokeria irakurri nuen («Gaur gauean zibilizazio oso bat hilko da»), eta pentsatu nuen agian ez zela gau hartan izango -ultimatuma betetzeko ordu gutxi batzuk besterik ez ziren falta-, baina mehatxu nuklearra gero eta sinesgarriagoa dela agintari zoro batek aukera gisa planteatzen duen bakoitzean. Pixkanaka disuasio-efektua galtzen ari da, iragarpen izaera hartzeko.
Azkenean, Trumpek atzera egin zuen eta bi asteko su etena adostu zen, gatazkari irtenbidea nola eman negoziatzeko. Artikulu hau argitaratzen denerako, ordea, denak eztanda egin dezake. Oraingoz, badirudi Irango zenbait eskari bete direla, Ormuzko itsasartearen kontrolarekin hasita. Israelek Libanoren aurka egindako eraso zitala akordioaren aurkako sabotajea da.
Badakigu Israel, Trump gerra honetan sartzera konbentzitu zuena, ez zegoela negoziazio mahaian. Pakistan izan da ahalegin diplomatikoa gidatu duen herrialdea, eta Txina ere inplikatu da. JD Vancek esku-hartzea izan omen du. Europar Batasunaren jarrerak ezgai bihurtzen du, bai gerrarako, baita bakerako ere. Gerra honek atlantismoaren krisia bizkortu du.
Trumpek «garaipen oso eta erabatekoa» saldu nahi du, baina inork ez dio sinesten. Ondorio ekonomikoengatik, kanpaina militar honek MAGA delakoaren sektore baten babesa ere ahuldu omen du. Gainera, hasieran petrolioaren prezioa jaitsi bada ere, litekeena da pobreak izatea -herrialdeak zein pertsonak- gerra ordainduko dutenak.
Krisia hain urrun iritsi da, Trump burutik sano ez dagoela ere zabaltzen hasi dela. Kongresuko kide batzuk kargugabetzea planteatzen hasi dira, «ezintasuna» argudiatuta, 25. zuzenketaren bidez. Trump 80 urte betetzera doa, eta Joe Bidenen aurkako txantxak -“Sleepy Joe” deitzen zion-, bere aurka datoz orain.
Mark Jacob kazetariak gogorarazi duenez, «gizon eroaren teoriaren» jatorriaren atzean Makiavelo dago («batzuetan ero plantak egitea oso adimentsua izan daiteke»). Trumpen estrategia azaltzeko erabili izan da, eta berak ere elikatu du ideia hori. Trump ez da ildo hori erabiltzen duen lehendabiziko agintaria, ordea. Richard Nixonek egin zuen, arma nuklearraren inguruan eta Vietnamgo Gerraren testuinguruan, hain zuzen ere. Hori bai, inolako arrakastarik gabe.
Ben Rhodesek, Barack Obamaren aholkulari izandakoak, honela laburbildu du egoera: «AEBko Gobernua gertakarien gaineko kontrolik ez duen ero batek gidatzen du, eta indarkeria erabiltzen ari da kontrola ezartzen saiatzeko (arrakastarik gabe)». Berriro agertzen da hemen “eroaren” tesia. Establishment demokrataren egoera ulertzeko, Rhodes analista interesgarrienetako bat da. Kubarekin zein Iranekin egindako akordioetan parte hartu zuenez, ezagutza zuzena du. Edonola ere, “zoroaren” tesia beti da lasaigarria -eta kanpaina gisa eraginkorra izan daiteke-, baina gauzak desitxuratzeko arriskua du.
Demokraten artean, Rhodesen txanponaren beste aldea Ta-Nehisi Coates da. Hona bere dilema: «Une batean gaude non jendeak galdetzen duen zergatik Alderdi Demokratak ezin duen demokraziaren aurkako eraso honen aurka egin. Eta nik esango nieke, genozidioaren inguruan mugarik ezartzeko gai ez badira, seguruenik demokraziaren auzian ere ez direla gai izango muga bat ezartzeko». Era horretan, genozidioa eta Palestina aro garaikidearen ikur gisa azaltzen ditu, ardurak eskatzen ditu. Benetako arazoa ez baita “ero” bakan batzuena, baizik eta inpunitatearena. Eroa izatea gauza bat baita, eta gerra kriminala, beste bat. •
