Dokumental bat, emakume izateko eredu berri baten aldeko borrokari eskainia
Laster helduko da pantailetara Gasteizko emakume pentsiodunen talde bat protagonista duen «Zahar eta errebelde» dokumentala. Emakume izateko eredu berri bat bilatzen zuten eta orain zahar izateko beste eredu baten bila borrokan jarraitzen duten ahotsak bilduko ditu lanak.
Uda aldean dira abiatzekoak Gasteizen “Zahar eta errebelde” dokumentala grabatzeko lanak, pentsiodunen mugimenduan militatzen duen emakume talde bat protagonista izango duena. Ez da izen propiodun talde bat, eta gakoa ez da emakume horietako bakoitzaren kontakizuna -bizipen zoragarriak aurkituko genituzkeela susmatzen dugun arren-, muinean elkarrekin sortu duten dinamika dago, plazaratzen duten zahartzaroaren begirada, horren inguruko hausnarketa eta beste eredu baten aldarrikapena. Pentsiodunen borrokan, lehen lerroan jarri diren emakumeak dira, gizonezkoen pareko ahotsa erreklamatuz. Emakume askok dituzten miseriazko pentsioak eraman dituzte aldarrikapenen erdigunera, eta auzitan jarri dituzte proposatzen zaien zahartzaroa bizitzeko eredua eta indarrean dagoen zaintza sistema bera ere. Lan hori guztia haien arteko sare moduko bat osatuz burutu dute, borrokatzeko eta elkar zaintzeko sare bat eraikitzen.
Zahar izateko beste modu horri begiratu nahi dio Huts Laborategiko Raquel Calvok dokumentalean. Egin duten lehen sinopsian honela aurkezten dute gaia: «Gazte errebeldeak izan ziren 60ko eta 70eko hamarkadetan... eta errebeldeak izaten jarraitzen dute zahartzaroan. Zaharrak direla diote eta umorez aldarrikatzen dute». Haien arteko dinamika ezaugarritzen duen beste detaile batean jarri du azpimarra: «Egindako urrats bakoitza elkarrekin ospatzen dute, elkarri eusten diote eta denok batera bide berriak irudikatzen dituzte, mahaian daudenentzat, bai eta etorriko direnentzat ere».
«DESKUBRIMENDU BAT»
Dokumental proiektua izatera heldu den istorioa duela urte batzuk hasi zela kontatu diote GAUR8ri Raquel Calvok eta Ana Tere Diazek. Gasteizko Alde Zaharreko Sorginenean egin dugu hitzordua hurrenez hurren proiektuko zuzendaria eta protagonistetako bat diren bi lagunekin. Crowfunding bidezko diru bilketa burututa, apiril osoan zehar diru ekarpenak jasotzeko bidea ireki dute Huts Laborategiaren webgunean eskuragarri dagoen kontu korrontean.
Egilea eta protagonistak beste gai bati buruzko lan baterako jarri ziren harremanetan duela bost urte inguru, eta emakume pentsiodun talde batek Bruselara egitekoa zuen bidaia gurutzatu zen bidean, elkarren arteko harremana estuago bilakatuz. Emakumeokin bizitakoa haiekiko «miresmen» bihurtu zela dio Calvok. «Niretzako deskubrimendu bat izan zen ikustea zer-nolako emakumeak ziren, zer-nolako bizitzak zeuzkaten eta zer-nolako indarra zuten astelehenero plazan egoteko, hausnarketa egiteko eta euren artean zaintzeko».
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zortzi urte eman ditu jada kaleetan, baina aurretik ere bazeudela antolatuta azaldu du Ana Tere Diazek. Talde misto bat zebilen lanean eta ordurako jada baziren “Lau dorreen proiektuarekin” eta erakundeek muntatuta duten sistemarekin identifikatzen ez ziren pentsiodunak. «Ikusten genuen oso bestelako kezkak genituela kultura mailan, aldarrikapen mailan... Ez zitzaigun gustatzen nola sozializatzen ari zen zahartzaroa».

Jarraitu duenez, Fatima Bañez Gizarte Segurantzako ministro espainolak bidalitako gutun famatu hark atera zituen kalera, batzuk lehendik antolatuta bazeuden ere. Edozein kasutan, gutun hark mugimendu espontaneoa eragin zuen: «Postara joan ginen eta gutuna itzuli genuen». «Makineria guztia koipeztatu behar izan zen, ez baita erraza. Hego Euskal Herrian koipeztatu egin beharra izan genuen, emakumeen mailan koipeztatu ere». Bazen mugimendu osoa astintzen zuen errealitate bat: «emakumeen pentsioetan zegoen diskriminazio basatia».
Bidean, militantzia ezberdinetatik zetozen emakumeak eta aurretik ezertan militatu gabeak biltzen zituen taldea joan zen eratzen; aldarrikapen propioak lantzen eta mugimenduan txertatzen hasi ziren. «Zer gertatu zen? Pentsioen gainean hasi ginen lanean, eta zahartzaroaren gaia lantzen hasi ginen, emakumeen zahartzaroaren gaia, zaintzen inguruko guztia, Osakidetzaren ingurukoa, sistema huts egiten ari zela ikusten hasi ginelako, ordura arte planteatzen ari ginen kalitatezko osasun publikoaren filosofia guztia galtzen ari baitzen. Eta justu orduan Raquelen begiak aurkitu genituen, gaiari begiratu nahi ziotenak; entzun nahi zigun eta istorio hori kontatu nahi zuen».
Gaur egun 50 lagun inguru biltzen duen Whatsapp talde handi baten inguruan antolatzen dira, irekia dena eta beste talde zentrokide batzuk dituena. Horrela joan dira urratsak egiten, lehenik eta behin emakumeak ikusarazteko, adibidez, espazio publikoaren okupazioa irabaziz, astelehenetako komunikatuak emakumeek irakurriak izan zitezen exijituz; ahalegina eginez, euskara plazetara eramateko; zaintzena gai ordenako puntu finkoa izan zedin.
«Asko sindikatuta egon gara, gehienok esango nuke; gehienak edo asko 70eko eta 80ko hamarkadetako mugimendu feministako parte izan gara, internazionalismoan ere mugitu gara, Gaza beti izan dugu erreferente, Nikaraguan egon gara, nik, zehazki, bederatzi urte eman nituen El Salvadorren... Badago gerraren kontra eta giza eskubideen defentsan aritu den jendea, presoen eskubideak defenditu dituena... Eta badago esperientziarik ez duen jendea ere, baina elkartu gara eta oso integratuta sentitzen dira. Orduan, militantziari dagokionez ez gara zerotik abiatzen, badakigu zer egin behar den». «Enpatizatzen dugun espazio batean bildu gara, non sarea egiten dugun eta elkar zaintzen saiatzen garen, talde zaintzailea izaten ahalegintzen gara, eta uste dut hor dagoela arrakastaren arrazoietako bat, nazkatuta gaudelako izan behar diren bezalako zaintzak ez aurkitzeaz».
Zaintza duina, autonomoa
Borroka ez da pentsiodunen mugimendura mugatzen, ezta haren mobilizazioetara ere. Dokumentalaren egilearen iritziz, «adierazgarria» da nola emakume horiek beste protesta batzuetan parte hartzen duten eta nola beste protesta batzuei egiten dieten leku pentsio duinen aldeko mugimenduan. Zaintza sistemaren inguruan egiten duten hausnarketan ere jarri du azpimarra Calvok. «Haien artean zaintzen dira, baina zaintza sistemaren inguruan ere hausnartzen dute: nola izango garen zainduak, zergatik eta nola zaintzen ditugun besteak, zergatik zaintza lan horiek oraindik ere emakumeen gainean jausten diren, zer-nolako eragina duen horrek gure bizitzetan... Zaintza leku askotatik begiratuta, eta ez bakarrik hausnarketa egiteko baizik eta eraldatzeko», nabarmendu du.
Arantza Urretabizkaiaren “Zahartzaroaren maparen bila” liburua aipatuta, «zirrikitu batzuk ikusten hasi» direla uste du Ana Tere Diazek, eta gehitu du «mapa horren portua edo helmuga» izan behar dela «gutxienez zahartzaro duina, autonomoa». Zaintzen humanizazioa ere aldarrikatu du. “Begietara begiratu hitz egiten didazunean, eta eska iezadazu baimena gurpildun aulkia mugitzera zoazenean”, eta horren antzeko beste lelo batzuk San Prudencio egoitzara eraman zituztela gogoratu du. Dioenez, «zaintzak ezin dira egokiak izan 700-800 euro ordainduta, gutxieneko soldataren azpitik». «Horregatik aldarrikatzen dugu 1.500 euroko gutxieneko soldata, eta horregatik egon ginen martxoaren 17ko greba orokorrean», planteatu du gasteiztarrak.

Zaintzen gaiarekin lotuta egindako aurrerapausoak azpimarratu ditu Diazek, eta Denon Bizitzak Erdigunean ekimenaren eskutik Araban egindako zaintzen akordio soziala gogoratu du. «Beste gauza askoren artean, zaintzen diagnostikoa egin dugu Araban, asanblada bat sortu dugu, mobilizazio bat antolatu genuen... Lortu dugu, ez bakarrik guk, baina lortu dugu, agendan ez zegoen emakume zaharren gaia ikusia izatea, emakume feministen papera erreibindikatzea».
AZTERKETA LAN HANDIA
Feminismoa eraman dute pentsiodunen mugimendura eta emakume zaharren aldarriak mugimendu feministara, «eta kostatu zaigu. Hau guztia lana, lana eta lana izan da», dio Diazek. Calvok berretsi du eredugarria dela burutzen ari diren lana: «Aditu eta eragileen iritzia bilatzeaz gain, diagnostiko horretan ez dira geratu soilik pentsiodunen mugimenduko emakumeen egoerak aztertzen, baizik eta baliabide legalen edota egon daitezkeen joerak ere aztertu dituzte».
Aipatu du, halaber, Herri Ekimen Legegilea aurkezteko egindako lan mardula. «Aztertu baino aztertuagoa zuten gaia, sare oso bat egon zen horretan lanean, diagnostikoa egin zuten eta lege-aholkularitza bilatu proposamen sendo bat egiteko, sinadurak bildu...». Diazen hitzetan, Lakuako Gobernuak pentsiodunen mugimendua desmobilizatu zuen. «Bilera geneukan egunean bertan elkarretaratzea egin behar genuen eta eskatu ziguten mobilizazioa mesedez ez egiteko, lehendakaria oso irekita zegoela proposamenari heltzeko... Engainatu egin gintuzten», oroitu du Diazek, eta erantsi du borroka, halere, ez dela bukatu, urrats ezberdinak egin baitituzte gaiak agendan jarrai dezan.
Bitartean, kezkak handia izaten jarraitzen du, batik bat emakume askoren egoerari erreparatuta. Gogoratu dutenez, «badaude gutxieneko soldataren azpitik kobratzen duten 65.000 emakume; ikusten dugu zein egoeratan dauden hitzaldiak eta egiten ditugunean. Alde zaharrean bertan etxetik irten ezin duten emakume piloa dago igogailurik ez dutelako, etxez etxeko laguntza zerbitzua aztertzen ari gara Gasteizen murrizten ari direlako... Gai asko dira, ez dut zaintzetan bakarrik zentratu nahi, baina jardunaldi handi bat egingo dugu Bilbon maiatzaren 10ean Denon Bizitzak Erdigunean ekimenarekin».
Militantziak ematen duen aberastasuna, ezagutza, esperientzia ere aldarrikatzen dute, eta ikasteko espazio oso aberasgarria dela aipatu dute. «Ikasi dugu zisheteropatriarkal trabatu gabe esaten, taldean jende ez normatiboa dago... Horrek izugarri aberastu gaitu. Bizitza ibilbide bat daukagu eta horrek askatasun handia ematen digu nahi duguna esateko», gogoetatu du Diazek, zahartzaroaren inguruan duten begirada azpimarratuz: «Badakigu gainbehera fisikoa egon daitekeela, baina zahartzaroa ez da berez gaixotasun bat, bizitzako beste etapa bat da. Haurrak izan gara, gazteak, helduak, eta orain zaharrak gara, kito».
MEMORIA ETA BORROKEN BOZGORAILU
Huts Laborategia ekoiztetxearen proiektua da “Zahar eta errebelde” dokumentala, Raquel Calvok eta Zuriñe Lopez de Sabandok sortutako «tresna» bat, non «ardura eragiten dieten gaiei buruz hausnartzeko» espazioa duten. 2021ean jaio zen eta ordutik «giza eskubideak, justizia soziala, feminismoa, artea, diskurtsoaren eratzea eta komunikazio prozesuak» izan dira jorratu dituzten gai nagusiak. Zehaztu du Calvok «itxita ez dagoen zerbait» dela, «baina ildo horretatik» doazela plazaratu dituzten lanak. Kazetaritzaren mundutik dator egun garapenerako lankidetza teknikari gisa aritzen den Calvo, eta kontserbatzen duen «kontatzeko gogo hori» praktikara eramateko tresna izan da Huts Laborategia. Ondoan, Zuriñe Lopez de Sabando dokumentalgilea da egitasmoaren beste hanka. Sinatu dituzten lanen artean, “Durangas” (2023) Durangoko emakume talde baten gogoeta eta istorioen gaineko film dokumentala edota “Yungay 7020” (2021) lan saritua daude. Orain, Gasteizko emakume pentsiodunak jarriko dituzte kameraren aurrean, oso profil ezberdinetako lagunen kontakizunei beste bozgorailu bat emanez.



