Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista

«Tapa-tipi», CCOO

Ederra izan da, zeren, azkenerako, 24. Korrikaren uholdean ito dira CCOOk isuritako malko guztiak. Imajinatzen dut ezinezkoa izango dela horrelako mobilizazio erraldoi bat antolatzerakoan erabateko koherentzia ziurtatzea, Korrikan ez baitute soilik parte hartzen euskararen alde aktiboki lan egiten duten eragileek, eta mugak marraztea ez da erraza izango. Horregatik, asumitu daiteke testigua eramaten duen hori, kilometroa erosi duen eragile hori, euskarari ekarpen bat egin nahian batu dela egitasmora, jakin badakigun arren feminismoan edo ekologismoan bezala (adibidez), euskalgintzan ere badirela horrelako ekimenak instrumentalizatzen eta beren burua zuritzeko erabiltzen dituztenak ere. Agian, Korrikaren kasuan, gogo txarrez onartu beharreko zerbait da hori, neurri batean; ez dakit.

Beste kontu bat da euskararen kontra aktiboki eta nabarmen ari den eragile batek Korrikako testigua eramateko zilegitasun osoa duela pentsatzea. AEK-k azaldu zuenez, “Argia” aldizkariak azaleratu ostean CCOOk administrazio publikoek ezarritako euskara eskakizunen aurkako epaiak bultzatzen eta diruz sostengatzen dituela, sindikatuak berak erabaki zuen ez zuela Korrikan parte hartuko; hala ere, Korrikan “betoa jarri” ziotela salatu zuen, eta bere burua «apartheid sozialeko estrategia baten» biktimaren aldean kokatu. Tratu txarrak emateagatik salatu dituzten gizonak dirudite, dena haien kontrako kanpaina dela esaten duten horietakoak.

Bestela izan balitz ere, hau da, AEK-k erabaki izan balu sindikatu espainola Korrikatik kanpo uztea, zer? Antolakuntza kasik derrigortuta legoke marra gorri hori marraztera, Korrikak Korrika izateari utziko bailioke euskararen kontrako oldarraldiaren testigua daraman eragile baten atzetik ibili beharko balu. CCOOk Petronor izan nahi zuen energia berdea saltzeko, baina inork gutxik erosi ditu bere gezurrak. Ongi esplikatu zuen AEK-k: «Jardunbide antolatu eta sistematiko hori badoa euskararen ezagutza unibertsalaren kontra, euskara alor guztietan erabiltzeko nahi orokorraren kontra eta, finean, euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra; hau da, Korrikaren mezuaren aurkako jardunbidea da, eta, jakina, AEKren jardunaren aurkakoa ere bai».

Errenteriako Udalaren lan deialdi batean ezarritako hizkuntza eskakizunaren kontra -25 administrari lanpostutan C1 euskara maila ezarri zuen guztientzat- sindikatuak, Euskara Denontzat elkartearen eskutik, abiatutako kanpaina publiko egin zuen “Argia”-k, eta horrekin, CCOOren «jardunbide antolatu eta sistematikoa» erakutsi. Euskarafobiaren ekintza zuzena, funtsean. Bada, ezkutuan egiten ari zen hori azaleratu osteko komunikazio estrategiak eman zidan arreta; zehazki, Korrikaren bezperatan Korrikaren kontra egiteko apustuak. Benetan pentsatzen zuten “betoaren” eta “apartheid sozialaren” estrategia biktimistak haien euskararen kontrako politika aspalditik ezagutzen duen jendartearen haserrea piztuko zuela? Urkamendian dagoenak borreroari enpatiaz begiratuko ziola uste zuten? Bistan da ez diela estrategiak funtzionatu, CCOO eta gainontzeko euskarafoboak “tapa-tipi”, atzeraka tira egiten saiatu diren arren, “tipi-tapa” eta zama arinduta, Atharratzetik Bilborako bidea egin baitu Korrikak. •