GAUR8

‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2025’ genozidioak salatzeko erakusketa, EHUko Arabako campusean

EHUko Arabako Campusean, genozidioak salatzen dituen ‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2025’ erakusketa bisitatu daiteke apirilaren 30era arte. Artur Heras artista valentziarraren lana Bilboko Esperientziako Geletara eta Donostiara, Txillardegi aretora, joango da ondoren.

‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2025’ erakusketaren inaugurazioa, irudian.
‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2025’ erakusketaren inaugurazioa, irudian. (Nuria GONZALEZ | EHU)

Artur Heras artista valentziarraren ‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2025’ erakusketa ireki dute aste honetan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako campuseko Unibertsitate Pabiloian. Anacleto Ferrer komisario duen erakusketa Valentziako Unibertsitatean egon da ikusgai, eta genozidioak salatzen ditu, «begirada artistiko konprometitu eta ausart batetik».

Pasa den asteazkenean inauguratu zen erakusketa. Aurkezpen ekitaldian, Joxerra Bengoetxea errektorea izan zen, Artur Heras bera eta Anacleto Ferrer komisarioa, Ixone Fernandez de Labastida Arabako campuseko errektoreordearekin eta Ekai Txapartegi EHUguneko zuzendariarekin batera.  

Gasteizko Campusean apirilaren 30era arte egon ondoren, erakusketa Bilboko Esperientziako Geletan izango da ikusgai maiatzaren 6tik 22ra, eta Donostian, ondoren, Karlos Santamaria liburutegiko Txillardegi aretoan, maiatzaren 27tik ekainaren 30era.

Gainera, erakusketaren ibilbidea baliatuko da programazio kultural berezia egiteko, palestinar eta euskal kulturak uztartuz. Egitarau akademiko berezia ere izango da, «denbora errealean genozidio bat ikusteak irekitzen dituen hainbat eztabaida etiko, politiko eta humanitarioei buruz».