GAUR8

eLiburutegiak inoizko erabilerarik handiena izan zuen 2025ean

2025eko balantzean jasotako datuen arabera, eLiburutegia EAEko liburutegi digital publikoak inoizko erabilera handiena izan zuen iaz. Erabilera zifretan igotzeaz gain alta berrien kopuruak ere egin du gora, urteko 365 egunetan 24 orduz funtzionatzen duen zerbitzuan.

Euskarazko liburu irakurrienen artean Miren Amurizaren ‘Pleibak’ dago.
Euskarazko liburu irakurrienen artean Miren Amurizaren ‘Pleibak’ dago. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lakuako Gobernuak bultzatutako eLiburutegia EAEko liburutegi digital publikoak 165.464 mailegu digital egin zituen 2025ean, hau da, aurreko urtean baino %12,38 gehiago eta 2022an baino %32 gehiago. Hortaz, zerbitzuak inoizko erabilerarik handiena izan du iaz, 2020. urtekoa ere gaindituta.

Datuok Gasteizko Gobernuak eman ditu, gaur ostegun honetan ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta. Nabarmendu duenez, hazkundea erabiltzaile kopuruan ere islatu da: 2025ean, 20.947 pertsonak erabili zuten plataforma modu aktiboan, aurreko urtean baino %15 gehiagok eta duela hiru urte baino %33 gehiagok.

Gainera, alta berrien kopuruan «oso hazkunde handia» izan da: 11.946 pertsonari alta eman zitzaien zerbitzuan iaz, 2024an baino %32 gehiago eta 2022an baino %104 gehiago.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren iritziz, datu horiei erreparatuta, «zifretan handitzeaz gain, argi dago gero eta jende gehiagok baliatzen duela eLiburutegia kultura publiko digitala eta hura txertatzen duela bere eguneroko bizitzan». «Gaur egun kultura publikoa ere herritarren poltsikoan dago, doakoa eta edozein unetan eskuragarria baita», gaineratu du.

eLiburutegiari esker, erraz eskura daiteke kultura eskaintza digital zabala. Plataformaren bidez, liburutegi txartela duen edonork liburu elektronikoez, audioliburuez, aldizkariez, zinemaz eta beste eduki digital batzuez goza dezake, gailu mugikorretik, tabletatik edo ordenagailutik.

Zerbitzua eskuragarri dago eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, eta erabiltzaileek gustukoen dituzten obrak gorde ditzakete, zerrenda pertsonalizatuak sor ditzakete eta obra berriak proposa ditzakete, izaera publikoa, hurbila eta parte hartzailea indartuta.

Bengoetxearen hitzetan, «kultura sistema egungo bizi ohituretara egokitzen ari gara, eta irakurtzeko, entzuteko eta edukiak eskuratzeko modu berriak errazten ari gara, publikoaren balioei uko egin gabe. Bizi garen lekuan bizi garela ere, pertsona guztiok modu berean eskuragarri dugu kultura, baita ingurune digitalean ere».

36.000 titulu baino gehiago

eLiburutegiaren katalogoa 36.145 titulura iritsi da 2025ean, hau da, 2022an baino %38 gehiago. Eskaintzak euskarazko, gaztelaniazko eta beste hizkuntza batzuetako edukiak biltzen ditu, eta etengabe gehitzen dira argitalpen nobedadeak eta erreferentziazko obrak.

Erabilerari buruzko datuek fikzioaren aldeko joera islatzen dute. Gehien eskatzen diren generoak eleberria, intriga eta haur eta gazte literatura dira, eta horrek agerian uzten du zerbitzuaren zeharkako erabilera.

2025ean gehien mailegatu ziren lanen artean daude David Uclesen ‘La península de las casas vacías’ edo Ibon Martinen ‘Alma negra’.

Euskaraz irakurrienen artean daude Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ eta Miren Amurizaren ‘Pleibak’. Haur eta gazte literaturaren arloan, maileguen bolumen handia ere nabarmendu du txostenak, eta audioliburuei dagokienez, datuek erakusten dute estatuko zein nazioarteko egileen obren presentzia handia dela gehien entzuten diren liburuen artean.

eLiburutegia EAEko Irakurketa Publikoko Sarearen parte da, eta funtsezko pieza da liburutegi sistema kultura ohitura berrietara egoki dadin. Zerbitzuak kulturaren eskuragarritasun unibertsala, doakoa eta ekitatiboa bermatzen du, eta euskararen presentzia indartzen du ingurune digitalean.

Liburutegien arteko ia 500.000 mailegu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Irakurketa Publikoko Sareak bere jarduera sendotzen jarraitzen du: azken hiru urteetan %17,8 gehitu dira maileguak, eta 2025ean 2.837.820 mailegu izan ziren, paperezko formatua nagusi izanik, argi eta garbi.

Gainera, liburutegien arteko 449.929 mailegu baino gehiago erregistratu ziren joan den urtean, eta, hala, erabiltzaileek sare osoko funtsak eskura ditzakete.

Sareak 1.056.255 erabiltzaile ditu, eta 39.501 alta berri baino gehiago izan ziren azken urtean. Sarea 204 udalerritako (guztira 252 udalerri dira) 335 udal liburutegik osatzen dute, 8.518.171 aleko funtsarekin.