Memoriak eraikitzen

Gauean, hoteleko ohe-mahaiaren gainean Espido Freireren «Guia de lugares que ya no existen» liburua aurkitu nuen. Goizean gelara lehenengo aldiz sartu nintzenean, han ez zegoen. Ongi etorria emanez jartzen duten txartel horietako bat besterik ez zegoen. «Ongi etorri Sevillara, Garazi Goia». Gauean, berandu, Realaren partidatik bueltan, berriro ere gelara itzuli ginenean, liburua han zegoen. Ireki gabeko maletaren ondoan. Atentzio eske bezala.
Nork utzi ote zuen han? Garbitzailea sartuko ote zen gelara? Edo, beste norbait?
Une hartako zirrara, neke eta zoriontasunaren artean, ez nion garrantzia handiegirik eman. Baina, hurrengo goizean, esnatzean, iratzargailuaren hotsak baino susto handiagoa eman zidan liburuaren presentziak.
Realak 1987. urtean Errege Kopa irabazi zueneko oroitzapena badut, Txiki Begiristainek gola sartu zuen unea behin baino gehiagotan irudikatu dut. Ez dakit benetakoa den oroitzapen hori edo nik geroztik eraikitakoa den, beste garaipen edo txapelketa batzuen irudiekin nahastuz.
Freirek dio galkorra den horren kontzientziatik munduari begiratzea dela liburuaren helburuetako bat, ariketa hori egitera gonbidatzen duela irakurlea.
Sevillan emandako 24 orduak. Familiarekin elkartzea. Poza. Zoriontasuna. Beste errealitate batera saltoa, parentesi batean moduan. Aspaldiko lagunak. Futbol zelaiaren handitasuna. Aitor Zabaleta. «Y si ganamos que». Emoziozko malkoak. Irribarre urduriak. Semeari besarkada. Hegoak ebaki banizkio. Talde bat. Herri bat. «Galdu ezin ditugun elkarrizketak gordetzen dituzte espazio fisikoek».
Realak 2020. urtean finala irabazi zueneko oroitzapenik ez dut. Akaso, espazio fisiko hura ez zegoelako nirekin partekatua. Ezin izan nuelako sentitu.
Posible da. Edozer gauza. Idealizazioa. Talde bat. Herri bat.
«Batzuetan iragana idealizatu egiten dugu, denborak ematen digun distortsionatzeko eskubide horretatik. Desagertu diren leku horietara ibilbide literario bat da liburu hau», dio Freirek.
Ez dakit nork utziko zuen liburua ohe-mahaian. Etxera ekarri dut. Eta, liburu bat irakurtzen dudan guztietan egiten dudan bezala, nire izena eta data jarri dizkiot. Leku bereziren batean irakurtzen badut liburua, hori ere idazten dut.
«Sevilla, apirilak 18. Irabazi dugu». •


