GAUR8

1996an, Hezbolak su-etena egitera behartu zuen Israel

Gaur 30 urte, 1996ko apirilaren 27an eta 16 egunetako ofentsiba militar bortitz baten ostean, Israelgo armadak bertan behera utzi zuen Libanoren inbasioa. Sionistek ‘Haserrearen Mahatsak’ izenarekin bataiatutako operazioa su-eten batekin amaitu zen, Hezbolaren disuasio-ahalmena erakutsi zuena.

Hizbulah taldearen partaide bat, Beirut suntsituan. Argazkia aurtengo apirilekoa da.
Hizbulah taldearen partaide bat, Beirut suntsituan. Argazkia aurtengo apirilekoa da. (Laurent PERPIGNA IBAN)

Gazan, Zisjordanian eta Libanon makineria genozida azkartu du Israelek azken garaiotan; historia zahar eta odoltsu baten azken atala bizitzen ari gara zuzenean. Halere, duela 30 urte bazirudien itxaropenari ate bat ireki egingo zitzaiola, Israelek behartuta ikusi baitzuen bere burua su-eten bat onartzera. Ordutik, noski, gauzak asko aldatu dira.

‘Haserrearen Mahatsak’ izendatu zuen Israelek 1996ko apirilean Libano hegoaldean Hezbolaren aurka jaurtitako 16 eguneko ofentsiba militarra. Hezbolaren azpiegitura suntsitu eta Libanoko eta Siriako Gobernuei presioa egiteko helburua zuen, xiiten biztanleria zibila iparralderantz mugitu eta haien erasoak geldiarazteko.

Israelgo indar armatuek 1.100 eraso baino gehiago egin zituzten airetik, eta Libano gogor bonbardatu zuten. Erantzun legez, Hezbolak ehunka Katiusha misil jaurti zituzten Israelgo iparraldearen kontra, milaka israeldar errefuxiatzera behartuz.

Qanako sarraskia (apirilaren 18an) eragin zuten, besteak beste, indar genozidek. 100 zibil errefuxiatu baino gehiago hil ziren kanpaleku batean. Libanoko biztanle batek, Bassam izenekoa (65 urte), gogora ekarri zuen 2024an argitaratu genuen erreportaje batean: «Israelen zigorgabetasun sentsazioa aspalditik existitzen da. 1996an, Libano hegoaldetik joandakoak hartzen zituen Nazio Batuen eremu bat bonbardatu zuten. 100 pertsona baino gehiago hil ziren eta inoiz ez zen justiziarik egin».

Okupatzaileen operazioa ‘Apirileko Akordioa’ izenekoarekin amaitu zen, zibilei erasotzea saihesteko akordio batekin. Hezbolaren garaipena izan zen, bere disuasio-ahalmenaren erakusle. Su-eten akordioa 1996ko apirilaren 26an sinatu eta 27an Israeldarrek alde egin zuten.

AEB, Estatu frantsesa, Siria, sionistek eta Libanoko kideek osatutako batzorde bat osatu zen akordio horren gauzatzea gainbegiratzeko, erregularki bilduko zena edozein bortxaketa aztertzeko. Denok dakigu zer gertatu zen ondoren.