GAUR8

Pantailen erabileraren inguruko prebentzioa indartzeko, ‘Tik-Tak-Tok Astea’ egingo da Bermeon

Pantailen erabilera egoki eta arduratsua bultzatzeko, ‘Tik-Tak_Tok Astea’ ekimena egingo dute Bermeoko hiru ikastetxeetan, LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin. Hausnarketa sustatzea da helburua, dinamika interaktiboak eta ikaskuntza dialogikoa uztartuz.

Pantailen erabilera arduratsua lantzeko ekimena jarri dute abian Bermeon.
Pantailen erabilera arduratsua lantzeko ekimena jarri dute abian Bermeon. (Guillaume FAUVEAU)

Bermeoko hiru ikastetxeek parte hartuko dute ‘Tik-Tak-Tok Astea’ ekimenean, pantailen erabilera egoki eta arduratsuaren inguruko prebentzio lana indartzeko helburuarekin. LH (Lehen Hezkuntza) 5. eta LH 6. mailetako ikasleekin egingo diren tailer praktikoen bidez landuko da, besteak beste, teknologiarekiko harremana jorratuz.

Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, lantegiak Sagrado Corazon ikastetxean egingo dira aste honetan, Eleizalde ikastolan maiatzaren 11etik 15era, eta Herri Eskolan maiatzaren 18tik 22ra. Programaren ardatza pantailen erabileraren inguruko hausnarketa sustatzea da, ikuspegi kritiko eta kontziente batetik.

Horretarako, saioak metodologia parte hartzaileetan oinarrituko dira, dinamika interaktiboak eta ikaskuntza dialogikoa uztartuz. Tailerretan, sare sozialen eta bideojokoen erabilera aztertuko da, eta ziberjazarpenaren prebentzioan ere jarriko da arreta.

Ekimenak jarraipena ematen dio aurreko ikasturtean egindako esperientzia pilotuari, Herri Eskolan gauzatu zen lehen aldiz, Familia Elkartearen eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker. Orduko emaitza positiboek bultzatuta, ikasturte honetan programa zabaldu eta sendotu egin da.

‘Tik-Tak-Tok’ izenak berak proiektuaren funtsa laburbiltzen du: gazteen artean oso hedatuta dagoen TikTok plataformari egiten dio erreferentzia, baina baita denboraren kudeaketari (‘tik-tak’ soinua) eta teknologia berriei (TIC/IKT) ere. Hiru elementu horien arteko loturak pantailen erabileraren inguruko kontzientziazioa indartu nahi du.

Programa Adikzioen Prebentziorako teknikariak eta kale hezitzaileak gidatuko dute, eta Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen da. Helburua da prebentzioa eta hezkuntza uztartzea, eguneroko ohituretan eragin positiboa izan dezaketen tresnak eskainiz.