Aaiun: McDonald’s bat, dunak eta hezur ezkutuak
Munduko marka handien iritsieraren lekuko da Mendebaldeko Saharako hiriburua eta dagoeneko biztanleen eguneroko bizitzan eragina dute. Kanpora begira modernitate irudia saltzen dute agintariek, baina Marokoko okupazioaren aurkako edozein protesta saiakeraren errepresioak bere horretan dirau.

Kolonizazioaren azken urratsa da», azaldu dit Fadel Ahmedek, Aaiuneko ekintzaileak. «Lehenbizi soldaduen babesarekin zibilak sartu zituzten, eta martxa zibila zela esan zuten. Gero azpiegituretan inbertitzen hasi ziren, nazioarteko komunitateak kolonialismorik ez dagoela sinets dezan. Hemen paperak aldatzen hasiak dira. Bertako sahararrak dira inbaditzaile berriak (aljeriarrak diren aitzakian) eta inbaditzaile marokoarra, berriz, bertako saharar petoa, okupaziopeko lurrarentzat ongia besterik nahi ez duena. McDonald’s bat hiriaren erdian jartzen dizutenean eta beteta dagoela ikusten duzunean, kolonialismoaren azken urratsaren aurrean zaude. Jada ez da bakarrik borrokatu behar berea ez den lurraldea indarrez hartu duen Estatu baten aurka, baizik eta atzerriko korporazioen aurka ere. Maroko konturatu zen enpresa horietan inbertituz eta kolonoei lana emanez, modernitate, irekitasun eta gatazka ezaren irudia emango zuela. Jada kontua ez da inbaditzaileen bihotzean sortutako nazionalismo-inperialista bakarrik, kolonoen poltsikoa ere ukitzen dute. Herritarren lana eta ongizatea defendatzen ari direla diote, Mendebaldeko Saharako kolonoen ongizatea hain zuzen ere», gehitu du Fadelek.
Vodafone eta Orange telekomunikazio-konpainien kartelak nonahi ikus daitezke. Aire sorgailu mordoxka bat eraikiko dituen ingeniari ilehoria ageri da kartel erraldoi batean, Maroko berde eta ekologista promestuz. McDonald’s berri baten irekiera ere iragartzen du publizitateak Aaiuneko Smara etorbidean, autodeterminazioren aldeko protesta sahararraren kale nagusian. 2010ean Gdeim Izik-eko kanpaldiaren ondoren autoak sutan egon ziren leku berean, gaur egun hotel berri baten inaugurazioa iragartzen duten kartelak daude. Turismoa giza eskubideen aurkako arma gisa. Paradisua ematen duten hondartza erraldoien hareak, sahararren protesta legitimoak estaliko ditu. Ingurunea eta bere edertasuna jatorrizko biztanleen aurka daude Mendebaldeko Saharan.

GDEMIN IZIK ETA ZEMLA
«Erresumako gasoliorik merkeena», dio erdiguneko zerbitzugune batean erregaia zerbitzatzen duen gizonak. Irina, azukrea, erregaia eta oinarrizko beste produktu batzuk diruz lagunduta daude; beraz, pertsona pobre askorentzat, hegoaldea kolonizatzea da bizitza duina lortzeko duten aukera bakarra. Gasolindegiaren atzean, besoak ukondoraino koipeztatuta dituen gizon batek elektronikarik ez duten autoak konpontzen ditu. «Pas de electronique», errepikatzen du behin eta berriz.
Kolonoa eta bertakoa nor den bereizteko moduetako bat espainiera da. Estatu espainolak kolonizatutako adinekoek gaztelera dakite, kolono berriek, aldiz, ez. Beharrik ere ez. Gainera, tailer barruan, gaztelaniaz hitz egiten ba ote dakiten galdetuta, «aljeriarrek» baino ez dakitela erantzuten didate. «Aljeriarrak?», galdetu dut. «Polisarioa», xuxurlatu du Mohammedek, alboetara urduri begiratuz. Mutilak 30 urte ditu, Fez inguruko mendietatik etorri zen eta orain ez du arazorik nahi, jada ez baita behartsua. Nire auto zaharraren esekidura berraztertu du, nahiz eta ez duen ezer. Berarengana hurbiltzeko erabili dut zurigarri gisa.
Mohamedek ez du atzerritarrik ikusi hirian; duela hamar urte iritsi zenetik bere tailerrera hurbiltzen den lehena naiz. Ez du hassania hitz egiten, sahararren hizkuntza. Ez da saiatu ere egiten, ez baitu arazorik nahi, behin baino gehiagotan azaldu didan bezala. «Nire gurasoen bizilagunen anaiak polizia zibilarentzat egiten du lan [Egilearen oharra: Marokon bada auzo-txibatoaren figura ez ofiziala, agintearen etsai bakanak seinalatzen dituena eta kontratu ofizialik ez duena, baina soldata bat eskupean jasotzen duena]. Egun batean, ez lanik ez dirurik ez nuenez, tabako kartoi bat lapurtu nuen, eta, komisariara eraman ninduenean, hegoaldean lana eta etxea izango nituela esan zidan. Telefono zenbaki bat eman zidan. Aaiuneko gobernuko pertsona batena zen, jendeari hemen bizitzeko behar dena bilatzen laguntzen diona. Orain pozik nago, ez dut nire herrialdetik kanpora emigratu behar», azaldu du Mohammedek.
Koipe eta txiza usaina darizkion Mohameden lantegitik atera naiz. Gasolindegiaren iparraldean dago Zemlako lautada, baina ez da bere horretan agertzen GPS kokatze sistema orokorrean, eta, horretaz galdetzeak, susmoak piztu ditzake. Hemen Majzen-ak (Marokoko gobernuaren jauregi-botere ustela, itzalean dagoen gobernua) belarriak ditu paretetan eta begiak izkinatan. Estatu espainolean dauden saharar erbesteratuen jarraibideak jarraituz, bertara iritsi naiz. Hemen Zemlan, 1970ean, Espainiako kolonialismoaren aurkako lehen manifestazioa antolatu zen. Gogorki zapaldua, oraindik ere ez dago jakiterik zenbat hildako izan ziren. Aurreko urtean Sidi Lebsirrek Tindufeko kanpamentuetan adierazi zidanez, «bazen jendea basamortu barrenetik etorri zena, itsasotik, urrundik. Desertuan barrena hedatzen diren oihartzunei esker protestaren berri izan zuen jendeak. Milaka batzuk ginen. Gogoan dut zurrumurrua, abereekin lan egiten duen jendearen usaina, baina baita hiriko jendearen arropa garbiaren usaina ere. Zola gogorreko zapatekin zarata ateratzen zuten emakumeen perfumea ere arnasten zen. Hego haizea zebilenean ere, Boujadorren arrainarekin lan egiten zuten sahararren usaina sumatzen zen. Usain sarkor hori ez da azaletik horren erraz joaten eta asko nabarmentzen da Aaiun bezalako hiri batean».
Itsu jaio zen Sidi Lebsir. Agurearen deskribapenak txosten militarrek erakusten dutenetik urrun dagoen ikuspegia ematen du. «Dozenaka hil ziren, emakumeak, senarrak eta seme-alabak negarrez entzuten nituen».
Espainiari alde egitea exijitzen ziotenen bilobek Gdeim Iziken antolatu zuten protesta 2010-2011n, dizipulu on bezala. Salatzeko era eta okupatzailea ziren bakarrik desberdinak. Zabaldegi horretan izandako haimen kontzentrazioak erreferenduma eskatzen zion Marokori. Mohamed VI.aren erregimenaren prentsak berehala argitaratu zuen protestetan bildutakoek lan hobeak eskatzen zituztela gazteentzat eta eurenak aldarrikapenak «zilegiak» zirela (2008ko finantza krisiaren testuinguruarekin lotu nahi zituzten protestak, ez sahararren aldarrikapen nazionalekin). Aldiz, manifestazio baketsu hura tiroz desegin zuen Rabatek. Heriotza dezente egon ziren. «Zilegi» den zerbaitentzako erantzun neurrigabea. Protestetan parte hartu zutenen artean hildako guztiak sahararrak izan ziren. Baita epaiketetan zigortutako guztiak ere. Gau hartan jendarmeek lan eskerga izan zuten zabor artean Polisarioko banderak erretzen.
Gaur egun Gdeim Iziken ez dira 2010-2011ko suen errautsak ere geratzen. Jendarmeriako auto bat zelatan dago inguruan, sugar handiago bati txinparta eragin diezaiokeen surik ez pizteko. Nazio Batuetan izan zezakeen deskalabru diplomatiko bati baino beldur gehiago dio barne-suari Mohamed VI.a erregeak. Erretako hareak ere zaintzen ditu Majzen-ak, inguru horretan galdutako turistak bezainbeste. Atzetik datorkidan autoak besoa leihatilatik aterata agurtu ditu bere kideak Aaiun hegoaldeko irteerako kontrolean. Beste bat joango zait zelatan atzetik noan tokira joanda ere. Renault Kangoo zuri bat da, eta barruan bi gizon doaz. Nik bezala, asfaltoa irensten duten hareazko dunak saihesten dituzte, okupatzaileek suntsitu zuten saharar herria lurperatu zuten duna berberak.



