GAUR8

3.000 parte hartzaile baino gehiago izango ditu Emakumeen Lasterketak Gasteizen

Minbiziaren detekzio goiztiarra bultzatu eta ariketa fisikoaren garrantziari buruzko kontzientziaziori begirako Emakumeen Lasterketak 3.000 parte hartzaile baino gehiago izango ditu Gasteizen. Maiatzaren 31n izango da, eta Mendizabalako zabalgunean izango du abiapuntua eta helmuga. 

Emakumeen Lasterketaren aurkezpena Gasteizen.
Emakumeen Lasterketaren aurkezpena Gasteizen. (Gasteizko Udala)

Gasteizko Emakumeen Lasterketaren 2026ko edizioa maiatzaren 31n izango da eta 3.000 parte hartzaile baino gehiago bilduko ditu hiriko kaleetan zehar, bost kilometro inguruko ibilbidean. Irteera eta helmuga Mendizabalako zabalgunean egongo dira, eta lasterketaren ondoren egingo den fitness eta aerobik jaialdiaren agertokia ere izango da.

Lasterketaren aurtengo edizioa asteazken honetan aurkeztu dute Gasteizko udaletxean. Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzia, Martin Fiz Emakumearen Lasterketaren ohorezko presidentea, Cecilia Piris Clara Campoamor Elkarteko kidea eta Henar Calleja Emakumearen Lasterketaren bozeramailea izan dira agerraldian.

Lasterketa egin aurretik eta harekin batera hainbat jarduera antolatu dituzte, eta horien artean, Abetxukuko kiroldegiak emakumezko korrikalarien erakusketa dago. Hilaren 30ean, egongo da ikusgai 10.00etatik 14.00etara, eta 16.00etatik 20.00etara. Antolatutako ekintzen artean, zumba, combat, dantza eta fitness saioak izango dira.

Lopez de Uraldek parte hartzera animatu du, eta nabarmendu du «lasterketa hau kirola baino gehiago» dela. «Detekzio goiztiarraren eta prebentzioaren garrantzia eta elikadura osasungarriarekin eta ariketa fisikoa egitearekin eragin dezakegula gogoraraziz bizitza ospatzen dugun eta minbiziaren aurka borroka egiten dugun festa da», adierazi du.

Gimnasta arabarren omenaldia 

Lasterketaren aurkezpenean, gainera, maiatzaren 31ean bertan lasterketa hasi aurreko minutuetan Tania Lamarca, Lorena Gurendez eta Estibaliz Martinez gimnasta arabarrek jasoko duten omenaldiaren berri eman dute. 1996ko Atlantako Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi zuten gimnasia erritmikoko taldeen espezialitatean.

Oraingoan, hirurak lasterketaren enbaxadoreak izango dira, duela 30 urte egindako balentria eta gaur egun kirolean hasten diren emakume eta neska guztientzat erreferente gisa betetzen duten rola omentzeko.

Gainera, erabat solidarioak diren 50 dortsal daude ASAMMA Emakumeen Elkartearen alde (Bularreko edota Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Arabako Elkartea), eta beste 50 Maite Ta Bizi Euskadiko Bularreko Minbizi Metastasikoaren Elkartearen aldeko dohaintza osokoak.