Oier Imaz
Filosofoa

Mapak eta miopiak

Ikasketak amaitzen nengoela irakurri nuen lehen aldiz David N. Livingstonen “Putting Science in its Place” (2003) liburua. Livingston geografoa zen, baina bere hurbilpena epistemologikoa. Hau da, bere ikerketan arreta jartzen zion geografiaren garapenari, diziplina zientifiko moduan. «Zer tresna, teoria, metodologia… baliatu izan dira eta nola garatu dira historikoki?». Hori zen bere galdera. Bada, hitzaurrean azaltzen zuen moduan, momentu batean pentsatu zuen, agian, galderari buelta eman ahal zitzaiola: «geografiak historia zientifikoa duen bezala, zientziak ere badu geografia bat?». Galderak ezbaian jartzen ditu ezagutza zientifikoaren oinarrizko hainbat premisa. «Euria goitik behera erortzen dela egia da, gaur eta duela mende bat, hemen eta Txinan», esan ohi nien ikasleei azaltzeko zergatik, ikuspegi estandarraren arabera, zientziaren egiak diren unibertsalak eta absolutuak.

Livingstonek, aldiz, erakusten digu zientziak baduela bere kartografia propioa, nolabaiteko gorputza: zientzia egin eta ulertzeko moduak desberdinak dira lekuaren arabera (adibidez, laborategiak edo landa lana), garapen zientifikoa eta kulturala eskutik doaz (adibidez, museoak edo liburutegiak), eta egia zientifikoa ez da absolutua edo unibertsala, baizik eta konbentzio bat; elkarrekintza, botere harreman, interes… zehatzen konfigurazio baten emaitza. Finean, Livingstonek erakusten digu zientziaren geografiak lurraldearen kartografiaz bezainbeste zientziaren kartografoaz hitz egiten digula. Eta bi horiek ezin dira bereizi. Ea nire burua argiago azaltzea lortzen dudan adibide pare batekin.

Kartografia eta lurraldea. Beñat Zalduak berriki idatzi du orriotan Groenlandiako aferari buruzko artikulu interesgarri bat. BBCren arabera, Groenlandiarekin negoziatzen ari dira Ameriketako Estatu Batuak hiru base militar berri jartzeko irlan. Ulertu daiteke hori zela Groenlandia okupatzeko mehatxuen azken helburua, ez, ordea, lurraldea okupatzea eta lur arraroen ustiaketa. Edo Ameriketako Estatu Batuek atzera egin dute. Aldiz, Zalduaren arabera, mugimendua ulertzeko buelta eman behar diogu munduko mapari, eta, gure burua erdigunean jarri beharrean, erdian Ozeano Artikoa kokatu. Horrela eginez gero, jabetuko ginateke, aldaketa klimatikoa medio, bertan zabaltzen ari diren itsasbideek irekitzen dituzten aukerez, bai eta horien kontrolak duen garrantzi estrategikoaz ere. Bada, jakinik Ameriketako Estatu Batuek ezin dutela itsasbide osoa kontrolatu (kostaren erdia Errusiar Federazioaren lurraldea da eta beste erdia Kanadarena), bere helburua litzateke itsasbiderako atea kontrolatzea, paradoxikoki bada ere, Iranek Ormuzen egiten duen gisa berean.

Kartografia eta kartografoa. Isidro Esnaolak, berak ere GAUR8n idatzitako beste artikulu batean, defendatzen du Europarentzat Errusiarekin hitz egiteko garaia dela. Bere iritzia funtsatzeko Putinek berriki egindako adierazpenak hartzen ditu oinarri. Omen, Ukrainako inbasioa hasi eta lehen egunetan Macronek Kievetik erretiratzeko eskaria egin zion Putini, Ukrainak balizko akordio bat sinatzeko aukera izan zezan, pistola buruan zuela iruditu gabe. Guztiok pentsatu genuen, orduan, Putinek Macroni ziria sartu ziola. Le petit prince eta bere handikeriak. Badugu nolabaiteko joera pentsatzeko parean ditugun agintariak zertxobait zozoak direla. Bada, Esnaolak kontatzen duenaren arabera, Macron Putinekin negoziatzen ari zen bitartean, Boris Johnson ukrainarrak konbentzitzen ari zen ez zezaten akordioa sinatu. Hau da, Europa ez da ikusle hutsa, eta batera lerratzen den bezala, lerratu daiteke bestera. Are gehiago, eta Putinen arabera, horregatik balio du Europarekin hitz egitea.

Erdigune anitzetatik konfiguratzen ari den mundu honetan, gertatzen ari dena ulertzeko ezinbestekoa da errealitatea besteen begietatik ulertzeko gaitasuna eta borondatea izatea. Horretarako, beharrezkoak ditugu erdigune desberdinetatik marraztutako kartografiak, baita munduari beste leku batzuetatik begira dauden kartografoak ere. Posizio irmoak baino, erdigune anitzeko kartografiek aukera berriak identifikatzen eta lantzen lagun gaitzakete. Baina, Bruselatik ekinbidea zein izan daitekeen ebazteko, ulertu behar dugu nola ikusten duten munduko egoera (eta nola ikusten gaituzten gu) Moskun edo Pekinen, eta onartu munduaren erdigunea ez dagoela gehiago Parisen, Londresen edo Berlinen. •