Pankartak

Urte batzuk joan dira jada. Uda zen, egun sargori baten ondorengo iluntze atsegin bat. Herri bateko plaza. Eta laguna harritu egin zitzaizun. Alde guztietara begira hasi zen, urduri. Zer ote zuen galdetu zenion. «Ez dago». Halaxe esan zuen. Zu ere zokomiran hasi zinen, ez zegoen hori zer ote zen igarri nahian. Eta berehala ohartu zinen: pankartak. Herri hartan, festak izan arren, ez zegoen pankartarik. Aurrera egin zuen gauak eta are aurrerago zuk, eta herritar bati galdetzera ausartu zinen. Ea zer gertatu zen pankartekin. Ez zituztela jartzen azaldu zizun, herria itsustu egiten dutela. Politika tartean sartzen denean, festak festa izateari uzten diola. Festa, politikoa ez bada, zer ote den galdetu zenion zure buruari, baina garagardo batekin batera irentsi zenituen hitzak. Ez zinen iritsi berritan lezioak ematen hasiko.
Pankartak betidanik izan dira zure paisaiaren parte. Irakurtzen ikasi orduko hasi zinen plastiko zurietan idatzitako leloak irakurtzen. Irakurtzetik ulertzera tartea egoten da ordea. Eta ingurukoak galderaz josten zenituen: «Zer esan nahi du honek?», «zer da hori?». Pazientziaz saiatuko ziren zure jakin-mina asetzen. Zer den independentzia, nor diren presoak, zer diren langileak, non dagoen Palestina. Gehienetan, galdetu aurretik bezala geratuko zinen. Oraindik dezente falta zitzaizun inguratzen zintuen mundua ulertzeko. Baina pankartek lagundu zizuten horretan. Eta baita inguratzen gaituena izendatzeko hiztegia zorroztu behar dela konturatzen ere.
Badira pankarta batzuk, jarri orduko, haizeak eramaten dituenak. Ahaztuta geratzen direnak, apurtuta, zuhaitzen baten adarrekin trabatu eta zuloz josten direnak. Badira beste batzuk urtea joan eta urtea etorri agertzen direnak, egutegiko data seinalatuekin lotuta daudenak. Batzuetan borbor egiten du munduak eta pankartak pankartaren kontra jartzen dira, ezin kabituan. Beste batzuetan, aldiz, munduaren ibili nekatuaren pista ematen dute lelo errepikatu eta zaharkituek. Ze garaitan ote gauden pentsatzen ari zinen zu. Enpresak ixtekotan daude Aiaraldean, langileak greban, gizon batek emakume bat hil du Arguedasen eta Flotilla tiroka geldiarazi dute Gazara bidean. Ez dira garai onenak esperantzarako.
Eta, halako batean, pankarta bat ikusi duzu albistegietan, urtero agertzen dena. Sinplea, bi hitzetan mundu bat biltzen duena. “Azterketak euskaraz”. Pankartek irakatsi zizuten zuri ze mundutan bizi zaren. Zoritxarrez, oraindik ere, ikasle gehiegi dira pankartak egiteko beharrean daudenak. Plastiko zati batera errenditzeko moduko leloak pentsatu beharrak hizkuntza zorrozten du. Pentsatzen dut, pankartarik nahi ez zuten herri hartan ere, honi lekua egingo lioketela. •



