Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Itzultzeaz

Ukitua ernatu naiz. X-rekin amestu dut, eta sentimendu atsegin eta desatseginen korapilo batean trabatu naiz. Zuei ere gertatuko zaizue sentsazio hori itsatsita gelditzea egun osoan, egiazkoa balitz bezala. Izan, bada, bizi izan duguna birbizitzen baitugu batzuetan ametsetan. Kasu honetan, gogoeta bat piztu zait: «Zein toki egin behar diet oroitzapen horiei osasuntsu bizitzeko?».

Haserrea, amorrua, biktimismoa, beldurra, tristura... eragin izan didate, eta horiek onartuta, ikasgai bezala gordetzea izan daiteke onena. Eta aitzinera egitea. Pasatakoarekin ez tematzea eta barkatzen jakitea, batez ere norbere buruari. Sinpleenari heltzea, nahasi gabe.

Igor Fernandezek hagitz eder idatzi du ZAZPIKAn: «Mindu gintuena ahanztea inporta izan zitzaiguna ahanztea litzateke, baina beti oroitzeak, antzinako irudiak, sentsazioak eta erreakzioak ekartzeak, inporta zaizkigun bertze gauza batzuk atzentzea ere eragin dezake (...) Zenbaitetan, gogoratzea saihetsezina da (...) baina gure lana izan daiteke min ematen digunari bidea irekitzea, ez irekitzea edo mugatzea, osotasunean inbertitzeko, hau da, gure minaz aparte edo minari esker garen horretan».

Bizitza oroitzapenen oroitzapenak direla dio Idoia Asurmendik, eta oroitzea bihotzetik berriz pasatzea dela. Esaldi horiek kopiatuak ditut album batean, eta abeslariaren ahotik Elvira Sastreren poema hau aditzean aunitz hunkitzen naiz: «Todas mis espinas se han convertido en rosa y ahora mi vida huele a flor».

Azken aipu bat, Xabier Amurizaren “Naiz naute” lan berrikoa, bizipen onak pasatzen direnean senti dezakegun pena arintzeko: «Orain gozatzen naiz sentituz oroimena dohatsuago dela errealitatea baino. Errealitate hura dohatsua zen, noski, baina ez nintzen gehiegi ohartzen alderdi horretaz. Orain, oroimenak hantxe kokatzen nau berriz, baina oharmen osoan. Errealitate hura amaitu egiten zen. Arin amaitzen zen. Pena hori gertaeren inherentea zen. Amaituko da! Amaitzen ari da! Amaitu da! Orain ez. Ez dio axola amaitzeak, nahi dudanean itzul bainaiteke». •