
Kolonbiarrek hitzordu garrantzitsua dute bihar. Datozen lau urteetarako presidentea eta horrekin herrialdearen norabide politikoa aukeratuko dute presidentetzarako hauteskundeen lehenengo itzulian. Pacto Histórico koalizioko hautagaiak, Ivan Cepedak, «erabateko bakearen» aldeko apustua berretsi du, talde armatuekin abiatutako elkarrizketa prozesuak berriro sustatuko dituela nabarmenduz. Paramilitarren eta narkoen abokatua izandako Abelardo de la Espriellak eta Paloma Valenciak, aldiz, militarizazioa eta mega-kartzelak agindu dituzte. Sare sozialek protagonismo nabarmena izan dute kanpainan, ez onerako ordea, baizik eta desinformazioa areagotzeko. Cepedaren kasuan, ustezko buruzagi gerrillari baten audio faltsu bat zabaldu zuten komunikabideek eta beste hautagaien kanpaina taldeek. Audioan, Kolonbiako hegoaldean Cepedaren alde bozkatzen ez dutenei mehatxu egiten die. Defentsa Ministerioak egindako ikerketa baten ostean, audioa estortsiogile batek egindakoa dela ondorioztatu eta atxilotu egin zuten. Era berean, egunotan adimen artifizialaren bitartez manipulatutako bideo bat zabaldu da sareetan, non Cepedak gerrillariak Indar Armatuen parte izango direla esaten duen. Anonimotasunean babestuta, sare sozialetan «interes zehatzak dituzten kontuak sortu» direla ohartarazi dute adituek.



