Nik han egon behar dut

Han ez da orain, ez gero, han urrun da, denboran urrun. Behar dut, ezinbestekoa da ni han egotea, hil ala bizikoa. Berdin du zer dagoen, baina nik han egon behar dut, erraldoia izango baita. Mundu guztiak joan nahi du, bada nik ere. Ez da nire estilokoa, baina ze axola. Oiartzun itzela eman diote eta han egon behar dut kontatu egin nahi dudalako han egon nintzela, harro. Musika kontzertu bat da, bueno, izango da hemendik urtebetera, eta irrikan emango dut denbora zain Instagram selfiez betetzeko gogoz. “Nik han egon behar dut” kulturaren aroa da.

Jaialdi munstroak modan daude, promozio zabala egin, sarrera guztiak ordubetean saldu eta bakarra izango zena bi, hiru edo lau ekitaldi izatera pasa. “Pomadan” egon nahiaren sukarra. Gainera, kontzertu handi horiek begi onez ikusiko ditugu, euskaraz kantatuko denez, harro eztarriak urratu arte, arnasgune erraldoia delakoan; milaka euskaltzale, kantitatea kalitateaz harago.

Zorionez bada beste kulturarik, ekitaldi franko nahi halako hizkuntzan, nahi halako moldean: musika, kantua, dantza, antzerkia, kirola… Baina selfien aroan horiek ez daukate masa-xarmarik, morboak agintzen du, nik “pomadan” egon nahi dut, eta Peio eta Pantxoaren kontzerturako sarrera urtebete aurretik hartuko dut, inoiz diskorik erosi ez badut ere, azken berrogeita hamazazpi urteotan inoiz abestirik entzun ez badut ere. Berdin Zetak nola ETS.

Asperduraren kultura da, jende oldea nora ni hara, bizitzaren plazerik gorena balitz bezala “ni hor egon naiz” kontatzea. Urtebete lehenagotik antsietatea autoprobokatzea, han eta hemen kontatzeko munduan besterik ez balego bezala, besteon belarriak urratzeraino…

Nik nahiago dut gauza txikiagotan arreta jarri. Saia zaitez, aparteko morbo eta plazerak deskubrituko dituzu. •