
‘1646. Zaldivia. Sobre el estado de amancebamiento en que viven algunas personas en ésta Villa y posterior prisión de algunas mujeres por éste motivo’. Gaur bezalako egun batean, duela 380 urte, izenburu horrekin jarri zuen bandoa Juan Martinez Nazabalek, Zaldibiako alkate eta epaile arrunta zenak.
Horrela, epaiketa jarri zuen martxan herriko hamar emakumeren aurka. Kasu guztietan, egoera desberdinak tarteko, ezkondu gabeko emakumeak ziren; eta hamarretik sei ardatzean aritzen ziren lanean, lihoa iruten, irakur daiteke Amagoia Mujikaren erreportajean.
Autoaren lehen orrialdean izendatzen dira emakumeok: Maria Arruitz Mendiola, Maria Albisu, Maria Bautista Agirre, Barbara Agirre, Maria Ana Mendiola, Maria Bartzelona, Maria Joanitz Iraola, Maria Gartzea Jauregi, Katalina Iztueta eta Margarita Eleizegi.
Egun pare baten buruan preso zeuden hamarrak, Ekainaren 7an deitu zituen deklaratzera alkateak. Eta ekainaren 11n edo 12an, emakume guztiak aske utzi zituzten, baldintza jarrita, epaileak espetxeratzeko erabakia hartuz gero, bila joan behar izan gabe aurkeztuko zirela epailearen aurrera.
2022an topatu zuen Mikel Urteaga Azkuek 1646ko Zaldibiako kasuaren dokumentua Ordiziako udal artxiboan. Udaleko langilea da Urteaga eta, beste zerbaiten bila zebilela, azalpen hori zuen dokumentua topatu zuen. 2022ko martxoaren 8an ekitaldi berezia egin zuten Zaldibiako plazan. Adin desberdinetako herriko emakumeen ahotsetan plazaratu zituzten XVII. mendean epaituak izan ziren emakume horien testigantzak. Omenaldi txiki bat egin zieten mende batzuk lehenago epaituak izan ziren emakume haiei.


