Juantxo Egaña
Argazkilaria

Lucio Vergarak argazkitan bildu zuen Arantza

(LUCIO VERGARA MACHICOTE. NAFARROAKO ARTXIBO NAGUSIA)

Lucio Vergara Machicote (Arantza, 1892ko uztailaren 6a - Legazpia, 1978ko abuztuaren 4a) Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen argazkilari afizionatua izan zen. Arantzan lan egin zuen bere aitaren aroztegiko tailerrean. 1920ko maiatzaren 27an, Felicitas Oñativia Arantzako eskolako irakasle urretxuarrarekin ezkondu zen. Senar-emazteak 1930eko martxoaren 7an Legazpira joan ziren bizitzera. Felicitasek irakasle lanean jarraitu zuen eta Luciok Patricio Echeverria SA lantegian egin zuen lan, erretiroa hartu arte. Lucio Vergarak zehaztasun handiz erretratatu zuen Arantzako XX. mendeko lehen hamarkadetako eguneroko bizitza. Bere argazki funtsa familia-eszenengatik, ezkontzengatik, jaunartzeengatik eta herriko festengatik nabarmentzen da, eta Arantzako historiaren balio handiko testigantza grafikoa da. Familiak Arantzako bere jaiotetxeko ganbaran aurkitu zituen irudiak, berak errebelatzeko laborategi gisa eraiki zuen zurezko gela berean gordeta. Argazki funtsa gelatinobromurozko beiraz egindako 1.061 plakak osatzen dute, gehienak 13x18 cm, 9x13 cm eta 6x9 cm-koak. Goian ageri den irudia 1920an egin zen, Arantzan.