GAUR8

Duela 35 urte, EAri Donostiako alkatetza «lapurtu» zioten

1991ko ekainaren 13an, udal eta foru hauteskundeak egin eta bi aste eskasera, EAJk eta PSEk akordio global bat sinatu zuten, eta horrek hainbat aldaketa eragin zituen euskal erakundeetan. Deigarriena Donostiako Udalarena izan zen; izan ere, Odon Elorza izendatu zuten alkate.

Odon Elorza, Kursaaleko lanen aurrean, Carmen Albroch ministroarekin, 1990an.
Odon Elorza, Kursaaleko lanen aurrean, Carmen Albroch ministroarekin, 1990an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

1991 hartan, EAJk Gipuzkoako hiriburua «dilista plater bategatik» saldu zuen, Xabier Albisturren (EA) esanetan. Albistur izan baitzen botu gehienarekin irabazlea Udal hauteskunde hauetan. Egia esan, mugimendu hura aspalditik ari zen sukaldean prestatzen eta, bere alderdiak Albisturri Gipuzkoako hiriburuko alkatetza kendu baino bi egun lehenago, Jose Antonio Ardanza lehendakariak EAri eta EEri leporatu zien udazken horretan ezinbestean iritsiko zen hiruko Gobernua haustearen erantzukizun guztia.

1991ko ekainaren 13an, Argomanizko paradorean lau orduko bilera egin zuten PSEk eta EAJk. Buru, Joseba Egibar eta Ramon Jauregui. Bi alderdiek ofizialki aurkeztu zuten bat-egite politiko berria, zeinarekin diputazioak eta hiriburuak banatzeko gehiengo globala osatu baitzuten.

EAJk Donostiako alkatetza PSOEri oparitzea hautatu zuen –opari bat baino gehiago, Albisturrek «lapurreta» bezala irakurri zuen– eta jeltzaleek Gipuzkoako Diputazioa bereganatu zuten; erakunde horiek EAri egokituko litzaizkioke Ajuria Eneako Ituneko kideek urtarrilean lotutako akordioa bete izan balitz, hau da, HBk gehiengoa lortuko lukeen erakundeetan bigarren zerrenda bozkatuenari botoa ematea erabaki zuten haiek ere.

Donostiako Alkatetza zen pastel honen zatirik goxoena, eta Odon Elorzak EAJko eta PPko ordezkarien botoak jaso zituen. PSE-PNV-PP formulak ez zuen legealdi bat baino gehiago iraun, baina Elorzak hogei urtez eutsi zion makilari hainbat itunen bidez, 2011an Juan Karlos Izagirrek (Bildu) alkatetza eskuratu zuen arte.