Nerea Goti
Kazetaria

LABeko Idazkaritza Feminista, 30 urteko borroka eraldatzaile baten kronika

Duela 30 urte klase sindikatu hau errotik eraldatu zuen zerbait hasi zen, galdera deserosoak planteatuz, agertoki berrietara egokitzeko begirada irekiz eta kapitalaren aurrean bizitza defendatuz. LABeko lau idazkari feministak gogora ekarri dute nola egin duen sindikatuak bide malkartsu hori.

Dena hain azkar gertatzen den garaiotan, beharrezkoa da inoiz gelditu eta egindakoari buruz hausnartzea. LABen gogoeta da hori, sindikatuko Idazkaritza Feministaren genealogiaren glosarioa aurkeztean egindakoa, gaur logikotzat jotzen diren ideia eta ikuskera asko ez direlako beti hain agerikoak izan, eta ez direlako inolaz ere zerutik erori. Horren atzean, hiru hamarkadatan zehar, begiradak zabaldu eta espazio berriak irabazi dituen borroka bat dago. Industria tradizioak bustitako sindikatu batean, halako antolakunde androzentriko batean, «etengabeko kuestionamendua» eta «trakzionamendu» handi bat behar izan da erresistentziak gainditzeko, borroka molde berriak proposatzeko, erabakiguneetan espazioak erreklamatzeko eta ekintza sindikalaren erdigunean subjektu berriak jartzeko; egitura, mezua, lan ildoak... “Izena duen oro bere izanaren jabe” izenpean, sindikatuaren genealogia feminista ondu zuen LAB-ek iaz, aurten beteko den Idazkaritza Feministaren 30. urteurrenaren atarian. Ospakizunen barruan antolatutako hitzaldi baten goiburuak berak balio lezake istorio honen mamira joateko: nola egiten da sindikatu feminista bat?

Galdera horri erantzuteko, garai ezberdinetan idazkaritza feministaren ardura beren gain izan duten lau kiderekin egin du hitzordua GAUR8k. Hastapen haietara itzuli gara Itziar Lopategi, Maddi Isasi, Eli Etxeberria eta Zaloa Ibeas de la Cruzekin, bidean sortu ziren hausnarketen eta egituran eta praktika sindikalean eragindako sakoneko aldaketen inguruan aritzeko. Oroitzapen horietan emakume asko daude, noski, baina aipamen berezi bat egin dute 2015ean zendu zen Maixabel Gaztañaga oroitzeko, 2004tik 2008ra LABeko idazkari feminista izan zena.

Itziar Lopategi da lauretan beteranoena. Pentsioduna da egun, eta Emakume Arloko lehen arduraduna izan zen. 1996an sortu zen sail hori. «LABeko laugarren biltzar nagusian izan zen. Berez, hirugarrenean erabaki zen sortzea, baina ailegatu ginen laugarrenera sortu gabe... Egia da presio handia egon zela, eta onartu zen arloa egituratzen joatea. Sortu zen, behar hori ikusten genuelako aspalditik, eta emakume talde majo bat, antolatuta, joan ginen behar hori mahai gainean jartzen».

Orduko agertokian kokatzeko, oroitu du, adibidez, emakume bakarra zegoela zuzendaritzan; «24tik emakume bat». Emakume haiek mahai gainean jarritako behar hark bidea zabaldu behar izan zuen inertzia zaharrak soilduz. «Gatazka nahikotxo izan ziren, baina egia da emakume asko topatu genuela horretarako prest, baita kontra ere. Hori inportantea da. Ikusten zen nolabaiteko haustura sortu ahal genuela erabateko adostasuna beharrezkoa zen hainbat kasutan...», azaldu du.

«Guk planteatzen genuen gure borroka ezinbestekoa zela, guk, emakume bezala, gure zapalkuntzari aurre egiteko bidea izan behar genuela sindikalismoan» eta «askotan jasotzen genuena zera zen, ‘ea, baina zergatik? Langileak gara, ezkerreko erakundea gara eta ja hori nahikoa da, sozialismoa, independentzia... eta sozialistak baldin bagara, horra goaz’», jarraitu du. «Azken batean, denak ginen militanteak, eta zergatik bereizi emakumeak eta gizonak? Horrekin jokatu behar genuen, baina ondo atera zen», kontatu du, eta nabarmendu, sindikatuak jakin duela beharrezkoa zen bide hori egiten.

Kideen militantzia bikoitza urte haietan hasi eta denboran mantendu da, baita antolakuntzan ardurak izan dituztenen artean ere. Etenik gabea izan da mugimendu feministaren eta sindikatuaren arteko harremana, lotura naturala. Euren hitzetan, izan ere, zer da sindikatua feminista edo antiarrazista ez bada; baina, era berean, zer da feminismoa lan munduari begiratzen ez badio, zer gertatzen da sektore feminizatuekin, adibidez. Logika horren baitan, ohiko joera izan da hasieratik sindikatuan militatzea, «baina baita mugimendu feministan ere, asanbladetan edo Aizanen edo Eginazen... Uste dut guk gure ekarpena egin diogula feminismoari eta feminismoak ezinbestean markatu duela gure bidea», esan du Lopategik.

Itziar Lopategi. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Gogora ekarri ditu, esaterako, Emakumeen Mundu Martxa eta Eskubideen Aldeko Gutuna ekimenak, eta LABek jardunaldi feministetan aurkeztutako ponentziak.... «Etengabeko elkarlana» egon da eta beharrezko aliantza asko, baina «erabakiguneetan kide feministak izatea eta horiek saretuta egotea ezinbestekoa izan da».

«Feminismo» hitza bera onartzea beste urrats bat izan zen. «Orain ematen du oso modu naturalean hasi zela ‘feminismo’ hitzaren erabilera, beste kontzeptualizazio asko bezala, baina feminismoa termino bezala erabiltzea asko kostatu zen», esan du Ibeas de la Cruzek. «Kontzeptualizatzea, bai, baina praktikara eramatea zen helburua, eta horrek ginderamatzan guztia deseraiki eta berreraikitzera, eta hori egin ahal duzu egiten hasiz edo estrategia batekin eginez; horregatik erabakigarria izan zen zehar-lerroen plana», erantsi du Lopategik.

EMAKUME BAT, IDAZKARI NAGUSI

Ibeasen ustez, parekidetasuna izan zen mugarri handietako bat, 2008an helduko zena, «erabakigune parekideak izatera pasatu ginenean». LABen zazpigarren biltzarra zen; Ainhoa Etxaide idazkari nagusi izendatu zuten. LABeko Idazkaritza Feministako kidearen hitzetan, «kristoren aldaketa» izan zen hori. «Belaunaldi aldaketa oso potente bat egon zen, eta emakume bat idazkari nagusi... Horrek beste eszenatoki batean kokatzen gintuen». Baina bigarren urrats bat egiteko beharra sortu zen: «Konturatu ginen emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa zela, beharrezkoa zena eta urrats oso garrantzitsua zena, baina ez zela nahikoa guk egin nahi genuen eraldaketa feminista hori gauzatu ahal izateko, eta hor sortu zen transbertsalitatearen ideia finkatzen eta hedatzen ahalegintzearen ideia».

Esan daiteke, 2016an abiatu zela beste bulkada bat, sindikatuak hausnartzeari ekin eta urtebete baino gehiago iraun zuen «birpentsatze prozesu bat» egin ondotik. “Eraldaketa sozialerako sindikalismo berria (bir)pentsatzen” prozesua eta jardunaldiak egin ziren, «azken afiliatuarengana iritsita zer motatako sindikalismoa egiten dugun» pentsatzeko, «klase subjektuaz, sektore feminizatuez, ordaindu gabeko lanez eta militantzia ereduen» inguruko gogoeta kolektibo bat bultzatuz.

Eli Etxeberria. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Ikusi genuen marjinetan bazeudela langile asko (...) eta erabaki genuen gu joatea haiengana: rider-ak, etxeko langileak..., zeren bazeuden antolatuta, sindikatuan afiliatuta, baina sail sindikal bezala antolatuta izatera pasatu ziren. Orduan, marjinetan dauden horiek guztiak, sexu langileak ere bai... esan genuen, ‘goazen erdigunean jartzera’».

Berdintasun politikez hitz egiten zen, baina «guretzat ez ziren nahikoa», esan du Etxeberriak. «Guk dena eraldatu nahi genuen eta, horretarako, erabaki genuen politika feministak egitea lehenestea».

Testuinguru horrekin lotuta, LABen bederatzigarren biltzarra jarri dute mahai gainean, astindu ideologiko nagusietako bat ekarriko zuena: gatazka “lana-kapitala” dikotomiatik “bizitza-kapitala” izendatzera igaro zen, eta, horrekin batera, «marjinetako langileak lehen lerrora eramateko beharra azaleratu zen: garbitzaile eta sektore feminizatuak, etxeko langileak, sexu-langileak... Idazkaritza antirrazista sortu zen, Emakumeen Idazkaritza izatetik Idazkaritza Feminista izatera igaro zen», eta lehen pikete feministak sortu ziren.

Zaintzen afera, halaber, espazio zentralago bat hartzen hasi zen, «ulerkera zabal» batean, bizitzaren kontzepzio berri batekin, itsatsita daraman feminizazioaren eta, lotuta, prekarizazioaren lorratzarekin. Zaloa Ibeasen ustez, «inflexio puntu» bat izan zen mugimendu feministaren bilakaera hori, gaiak eta lehentasunak «disputatu» ahal izateko, «beste eszenatoki batean kokatzen gintuena». Alabaina, zenbait erresistentzia agertu zirela gogoratu du, «horrek eraldatu egiten zuelako, nolabait esateko, sindikalismoa egiteko modu osoa, non kokatzen ditugun lehentasunak... eta oraindik ere gertatzen da Bizkaiko metalgintzako hitzarmena zabalduko dela eta mundu guztiak jakingo duela hori eta mundu guztiak argi daukala horretan inbertsio handi bat egin behar dela, borroka horiek ikusarazi behar ditugula eta lehen lerroan kokatu behar ditugula... baina, bestetik, nork daki garbiketako emakumeek hiru hilabete daramatzatela greban, erresidentzietan kristoren borrokak artikulatzen ari direla...? Ikusgarritasun hori oso garrantzitsua da eta hor disputa bat dago oraindik ere... eta Idazkaritza Feminista da egoera horiek mahaigaineratzen ari dena».

Zaloa Ibeas de la Cruz. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Azkar esaten da, baina kapitala-lana gatazka-paradigmatik kapitala-bizitzara, bi hauek parez pare jartzen dituen eskemara, igarotzeak aldaketa sakona ekarri zuen. Sindikalistek azpimarratzen duten beste mugarrietako bat da hori, errotiko aldaketa bat ekarriko zuena, eta zaintza-lanen aitortza eta zor patriarkalaren definizioa mahaigaineratuko zuena.

«Kapitalak erasotzen dio ez bakarrik lanari edo enpleguari, baizik eta bizitza osoari, eta horrek beste leku batean kokatzen gaitu, eta gauzak beste paradigma batetik hausnartzera garamatza», esan du Etxeberriak. Oso eredu maskulinoen inguruan ardaztuta dagoen sindikatuen munduan eta industriaren pisua zentrala izan den erakunde batean, ekonomia feminista apurtzailetik edan eta lan ildoak sortu direla aipatu du. Aldi berean, marjinetan dauden langile horietako asko arrazializatuak edo egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak dira. Horrek beste jauzi natural bat ekarri zuen, Idazkaritza Antirrazistaren sorrera.

GAI ZAHARRAK ETA TRESNA BERRIAK

Soldata arrakalaren aurkako borroka zaharra ere erdigunera eraman zela kontatu dute, guztiz politizatuz eta 300 enpresa baino gehiagotan soldata arrakala zuzentzeko planak eskatuz. «Orain legeak behartzen du hori egitera, baina momentu hartan ez hainbeste. Guk esaten dugu soldata arrakala ez dela kopuru kontu bat bakarrik baizik eta politikoagoa den zerbait. Sexuen araberako lan-banaketan oinarrituta dago; beraz, sexuaren araberako lan banaketa hori apurtu beharko dugu», gaineratu du.

Perspektibaz begiratuta, Idazkaritza Feministak sindikatuari zer ematen dion galdetuta, Maddi Isasi egungo idazkari feministak honela azaldu du: «Genealogiak berak erakusten du sindikalismo eraldatzaile bat egiteko galderak eta etengabeko hausnarketak eman dituen tresna izan dela, etengabeko nahi edo kuestionamendu bat bultzatu duen zerbait, historikoki sindikalismoak izan duen balio eta iruditeria androzentriko edo maskulino horren aurrean». Bada denboran mantendu den beste hausnarketa bat: «Ez dugula ulertzen sindikalismoa, feminista ez bada, baina ez bakarrik emakume langileentzako eskubideen alde borrokatzeko, baizik eta ikuspegia zabaldu eta feminismoaren ulerkeratik pentsatzeko sistema hau kapitalista dela baina beste abizen batzuk ere badituela, zapalkuntza ezberdinak erreproduzitzen dituela eta elkarri lotuta daudela; heteropatriarkala, koloniala...».

Maddi Isasi. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Arabarraren hitzetan, markoa ezin da lan eskubideetara mugatu, eta horrek eraman du LABek egiten duen eskaintza sindikala etengabe kuestionatzera; «zer subjektu kokatzen dituzun erdigunean, zein prozesu abiatzen dituzun, are agendara zer eraman identifikatzeko orduan», eta bide horretan, tresna berriak sortzera eraman duela azpimarratu du; adibidez, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. «Idazkaritzak sindikatuari eman diona etengabeko ikuspegi hori izatea da eta ulertzea sindikalismoa feminista ez bada..., eta, kontrara, feminismoaren ulerkeratik ere langile klasea osatzen dugun subjektuei begiratzen ez diena ez dela feminismo eraldatzaile bat».

Ildo horiek gidatu dute sindikatuaren lana azken hamarkadetan, baina ezin aipatu gabe utzi, 2023ko greba feminista bera, zaintza sistema erdigunean jarriko zuena eta eztabaida eta lanketa berriak ekarriko zituena, aliantzak, militantzia bikoitzetik jaioak, eta beranduago modu formalagoa hartuz, sindikatuaren egituran bertan txertatu direnak. «Feminismoa ez delako Idazkaritza Feministatik egiten dugun plangintza parte bat, baizik eta eskaintza sindikal osoa interpelatzen duen zerbait». Eta, horretarako, batzuetan «galdera deserosoak» egin behar dira, «adibidez, botereguneetan nortzuk dauden eta zergatik, zelan harremantzen garen edo zeri ematen diogun garrantzi handiagoa, 24 orduko zazpi eguneko militantziari edo zaintza erdigunean jarriko duen militantzia horri».

Kanpoan esan eta negoziazio mahaietara eramandakoa etxe barruan betetzea arau izan dela berretsi dute. “Guztiok ondo bizitzeko plana” aipatu dute, adibide gisa; 2016. urtea zen, eta jada esperientzia pilotuak jarri ziren martxan zenbait eskualdetan eta egitura exekutiboan, «antolaketa bizitzaren antolaketarekin bizigarriagoa egiteko». Formakuntza izan da gako garrantzitsu bat, ez dena batere erraza sindikatu baten pareko egitura erraldoian, «une oro aldatzen den egitura bat» izanik delegatuak aldatzen baitoaz. Etengabeko formakuntza hori «nekeza da» alde horretatik, baina «ezinbestekoa» da borroka ideologikoa elikatzeko. Helburu horrekin sortu zen Eskola Feminista 2017-2018 urteetan, Emaginekin egindako hitzarmen bati esker. «Formazioa derrigorrezkoa da liberatu guztientzat eta delegatuentzat», azpimarratu dute, eta horren oinarrian arrazoi natural bat dagoela azaldu dute. «Negoziazio mahaietan inportantea da jendea balio feministetan trebatuta egotea; jakin behar duzu errealitatea aztertzen, aldarrikapen neutroetan ez jausteko, neutroa den guztia androzentrikoa delako», nabarmendu du Etxeberriak. Negoziazio kolektibora eramaten diren klausula feministak aipatu ditu Ibeasek; «baina kontua da nola bermatzen dugun gero klausula horiek ez daitezela izan eroriko diren lehenak -zehaztu du-; horregatik diogu hau ezin dela diskurtso soil bat izan»; are gutxiago, oraindik sektore feminizatuen borroka sindikalei balio gutxiago ematen zaien egungo lan munduan.