Noren adar armatu
Lanbide bat maitagarria denean, suhiltzaileena esaterako, umeentzako ipuin liburuetako protagonista bilakatzen dira. Ertzainen kasuan, ordea, nobela beltzetan sartzen ditugu. Baina, ez da hori okerrena, erakunde honen inguruan dagoen opakutasun falta baizik. Nik dakidan apurrean, Ahoztar Zelaietarena eta Joxean Agirre tokaioaren “Cipayos” liburuak daude erakunde hori modu kritikoan aztertu dutenak. Azken horrek polizia mota hori EAJren adar armatua dela frogatzen du. Eta barruagotik eginda, Cirilo Davilaren “Ertzaintza: historia de la policía autónoma vasca (1936-2006)” dago. Kolektiboaren atarramentua ikusita, biak desfasatuta geratu dira beharbada, dagoeneko EAJk ere ez duelako kolektibo hori kontrolatzen.
Urteetan, bai. Davilak agertzen duenez, lehen promozioa osatzeko 700 plaza eskaini zituztenean beldur pixka bat izan zuten nahikoa hautagai aurkeztuko ote ziren. ETAren presioa zegoen alde batetik eta Madrilgo Segurtasun Juntarena bestetik, eta bazegoen gizartean bertan ere poliziarekiko errezelo edo aurreiritzi bat. Luis Maria Retolazak aipatzen du Davilaren liburuan arazoaren berri: «La población vasca, individualmente considerada, no era propicia al ingreso en un cuepo de policía», dio eta geroxeago: «suponía un riesgo de marginación del aspirante en el medio social en que vivía».
Davilak dioenez, deialdi horietako batean, kopurua osatu ezinik, arduradunek batzokiz batzoki joan behar izan zuten hautagai bila. Marjinazio arrisku horren lekuko dira, halaber, asteburuetan Arkautin bertan geratzen ziren gazteak, kuadrillakoek ertzain sartu zirela jakin ez zezaten.
Lehen fase batean Ertzaintza batzokietatik elikatu bazen ere, berehala hasi ziren jatorria zabaltzen. Ezkerraldeko industria siderurgikoak izan zuen krisiaren ondorioz, eskualde horretako hautagai multzoak sartzen hasi ziren. Davilak Ertzaintzaren garai horretako sindikalismoa ere aztertzen du, eta, lekuko gisa elkarrizketatzen duen Kepa Gonzalez ELAko ordezkaria, esaterako, eskualde horretakoa da.
Hori da dakiguna. Hortik aurrera, azken hogei urteotan, sindikatu korporatibistak indartu egin dira eta eman duten deriba eskuindarraz ea norbaitek azterketaren bat egiten duen, gaur ez baitakigu zeinen adar armatu den ere. Hobe hori, ertzainak zenbat maite edo gorroto ditugun eztabaidatzen ibili ordez. •




