
1864an egina, Baionako argazkirik ezagunenetako bat da aste honetan ekarri duguna. Hiriaren historian funtsezkoa izan zen urte bati dagokio irudia, Paris-Baiona-Irun-Madril trenbide-ardatzaren inaugurazioa zela-eta, Baionako Erakusketa Azoka Handiaren ospakizunak egin ziren urteari hain justu. Goialdeko puntu batetik, argazkilariak Aturri eta Errobi ibaien elkargunearen irudi bat hartu zuen. Argazkian, lehen planoan, aduanaren ondoan porturatutako hiru mastako belaontzi handi bat nabarmentzen da, garai hartako merkataritza atlantikoan oso ohikoa zen portuko jarduera handiaren isla. Erdian Le Reduit dago, Sebastien Le Prestre de Vauban ingeniari militarrak XVII. mendean diseinatutako defentsa-sisteman integratutako gotorlekua. Orduan zuhaizti hostotsu batek estalia, gotorleku horrek kokapen estrategikoa zuen bi ibaien elkargunean, eta Baionako harresi-sare konplexuaren zati zen. Egitura partzialki eraitsi zuten XX. mendearen hasieran.




