GAUR8

James Bondek ‘For Your Eyes Only’ esan zuen

45 urte igaro dira jada ‘For Your Eyes Only’ (‘Zure Begientzako Bakarrik’) filma estreinatu zenetik, Bond sagaren hamabigarren tituluaren zuzendaria John Glen izan zen eta Roger Moorek umore ukitua eman zion agente sekretuari. Carole Bouquetek Bond neska mendekari aparta gorpuztu zuen.

Carole Bouquet eta Roger Moore, filmean.
Carole Bouquet eta Roger Moore, filmean. (WIKIPEDIA COMMONS)

Ian Fleming idazlearen nobeletan oinarritutako 007 espioiaren abenturak islatzen dituen zinemarako frankiziak 64 urte ditu dagoeneko. Lehen titulua, ‘Doctor No’, 1962an estreinatu zen eta ordutik Sean Conneryk, George Lazenbyk, David Nivenek, Roger Moorek, Timothy Daltonek, Pierce Brosnanek eta Daniel Craigek gorpuztu dute James Bond dotore eta azkarra. 

Gaur 45 urte, zehazki 1981eko ekainaren 24an, estreinatu zen ‘For Your Eyes Only’ (euskaraz, ‘Zure Begientzako Bakarrik’) John Glen ingelesak zuzendutako filmea, James Bonden hamabigarrena eta Roger Mooreren bosgarrena. 

Frankiziaren bilakaeran askotan gertatu den legez, titulu honek ez zuen aurrekoarekin zer ikusirik. ‘Moonraker’-en (Lewis Gilbert, 1979) landutako pulp estilo bortitza aldatu eta Gerra Hotzean kokatutako espioitza filme klasikoa filmatu zuten. Sheena Easton abeslari britainiarraren kanta Estatu Batuetako Billboard Hot 100etan sartu zen eta Jatorrizko Abesti Onenaren Oscar Sarirako izendatua izan zen 1982an.

Oraingoan, 007 agenteak militarren gailu sekretu baten bila joan beharko du. Horretarako, agente sekretu gisa dituen abileziez baliatuko da eta gailu hori etsaien eskuetan eror ez dadin saiatuko da.

Oso-osorik ur azpian garatutako sekuentzia ikusgarri bat du filmeak eta, Roger Moore protagonista duen sagaren etapa osoan gertatu bezala, umorea da une oro gehien agertzen den osagaietako bat. Hori bai, Carole Bouquet frantsesa Bond neska mendekari ahaztu ezina izan zen.