Epidemia berrien garaia: gizakiak irekitako ateak

Gineako hego-mendebaldeko muturrean, Mendebaldeko Afrikan, planetako biodibertsitate handieneko basoetako bat zegoen. Mendeetan zehar, pertsonentzako sarbide zaila zuten ustiatu gabeko baso horietan bizi ziren animalia espezie eta gizakien arteko harremana oso mugatua zen.
1990eko hamarkadan, ordea, Liberia eta Sierra Leonako armadek matxinatuen taldeekin zuten gatazka odoltsu eta korapilatsutik ihesi errefuxiatu olde bat basora iritsi zen. Hasieran hirietako errefuxiatu esparruetan jartzen ziren, baina bai matxinoek bai soldaduek etengabe egiten zieten eraso eta handik ihes egin behar izan zuten basoan finkatuz. Zuhaitzak moztu zituzten lurra lantzeko, etxolak eraiki zituzten eta egurra ikatz bihurtu zuten.
Basoetan bizi ziren espezie asko desagertu egin ziren eta, beste batzuek, berriz, gero eta eremu txikiagoetan pilatu behar izan zuten, herrixketatik gero eta hurbilago. Zenbait espezierentzako, alabaina, aukera paregabea izan zen ugaltzeko; saguzarrentzat, esate baterako. Gineako basoen mozketaren eraginez, saguzarren eta gizakien artean kontaktu berriak gertatu ziren ziurrenik, bai ugaritzeagatik eta baita biziraupen moduan ere. Jakina denez, saguzarrak beste ugaztun batzuentzat kaltegarriak izan daitezkeen mikrobio exotiko askoren gordeleku dira, ebola gaixotasuna sortzen duen flabibirusarena, adibidez.
Antzeko zerbait gertatzen da akainekin. Basoetan biodibertsitatea galtzearen ondorioz, akainez elikatzen ziren espezieak desagertu egin dira eta, ondorioz, araknido horien hazkunde esanguratsu bat gertatu da. Hala, akainek transmititzen duten Borrelia burgdoferia bezalako bakterioak hedatu eta Lyme gaixotasuna eta bere konplikazioak inoiz ez bezala areagotu dira. Krimea-Kongoko sukar hemorragikoarekin gauza bera gertatzen da; akainek kutsatutako birus batek eragindako gaixotasun larria inoiz agertu ez den herrialdeetaraino zabaldu da. Hogeita bat kasu zenbatu dira Estatu espainolean 2012an lehen aldiz antzeman zenetik.
Lurraren baliabideak mugarik gabe ustiatuz, animalien eta gizakien arteko hesi naturalak apurtu ditugu. Ondorioz, patogenoen transmisioa (zoonosia) erraztu egin da eta horrek epidemia eta pandemia berriak sortzea azkartu du.
ONGI ETORRIAK ANTROPOZENORA!
Paul Crutzen kimikariak (Kimikako Nobel sariduna) eta Eugene Stoermer biologoak zabaldu zuten “Antropozeno” terminoa 2000. urtean. Gizakia planetaren ekosistemetan, geologian eta kliman indar nagusi eta gainartzaile bihurtu den aroan bizi gara. Baina gizakia ez dago planetaren ekosistemetatik kanpo; haien parte da eta harreman hori hausteak gaixotasun berriak agertzea eragiten du.
Antropozenoak epidemien agerpenean duen eragina hainbat prozesuren bidez azaltzen da. Alde batetik, deforestazioa eta habitat suntsipena daude. Natura eremuak suntsitzen direnean (meatzaritzako, egurgintzarako edo nekazaritza intentsiborako), gizakiek ordura arte isolatuta zeuden animalia basatiekin eta haien birusekin topo egiten dute. Hesi natural horiek haustean, birusek animalietatik gizakietara salto egiten dute (zoonosiak).
Bestetik, abeltzaintza eta nekazaritza industriala ere hor dira. Elikadura sistema industrialean, genetikoki berdinak diren milaka animalia leku estuetan pilatzen direnean, “birusen laborategi” erraldoi bihurtzen dira. Espezieen biodibertsitaterik gabe, birusek ez dute mugarik aurkitzen eta mutatzeko gaitasun izugarria lortzen dute.
Globalizazioa eta mugikortasuna dira kontuan hartu beharreko beste faktoreetako bi. Antropozenoaren ezaugarri nagusia hiperkonexioa da. Garraio azkarrak eta turismo masiboak tokiko agerraldi bat ordu gutxian pandemia global bilakatzea ahalbidetzen dute.

Eta, azkenik, aldaketa klimatikoa eta bektoreen hedapena. Berotze globalaren ondorioz, gaixotasunak transmititzen dituzten intsektuak (bektoreak), antzina bizi ezin ziren leku epel edo hotzetara migratzen ari dira. Dengearen eta zikaren transmisioan bektore den tigre eltxoa, jatorriz Asiako klima tropikaletakoa dena, dagoeneko Euskal Herriko txoko askotan finkatu da tenperatura altuagoen ondorioz, gaixotasun tropikalak gurera ekarriz.
Testuinguru horretan, osasun adituek eta erakundeek (hala nola ECDC Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak) gaixotasun infekziosoen eta epidemia arriskuen gorakada baten aurrean gaudela ohartarazi dute. Alde batetik, aurretiaz gure artean zeuden edo kontrolatuta genituen zenbait gaixotasun indarrez itzultzen ari dira (Q sukarra, Lyme gaixotasuna, sexu bidez transmititzen diren infekzioak, eta abar). Bestetik, gaixotasun berriak, emergenteak (SARSa, COVIDa..), ari dira sortzen. Eta, azkenik, beste lurraldeetako gaixotasunen agerpenaren (dengea, chikungunya, Nilo mendebaldeko birusa...) lekuko ari gara izaten.
NOLA EGIN AURRE?
Baina nola aurre egin egoera horri? Nola prestatu izenik gabe edo izen arraroz jantzita datozen gaixotasun horiei aurre egiteko? Epidemia baten aurrean nola erantzun behar den pentsatzen dugunean, burura datorkigun lehenengo gauza osasun sistemak dira, baina ez bakarrik artara bideratutako zerbitzuak (izan ospitaleak, lehen arreta, eta abar), baita osasun publikoko eta zaintza epidemiologikoko zerbitzuak ere. Zaintza-sistemak funtsezkoak dira alerta epidemiologikoen aurrean erantzuteko; ezinbestekoak dira tokiko agerraldi bat, epidemia bat edo pandemia bat eragiten duen egoeren aurrean erreakzionatzeko.
Ezinbestekoa da gobernuek garrantzia ematea eta inbertsioak egitea osasun publikoko sailak eta zaintza epidemiologikoko zerbitzuak hobetzeko. Zoritxarrez, azken hamarkadetan guztiz ahuldutako sistema bat da, eta aurrekontuak erakartzeko gaitasunik gabe izan dugu Osasun Publikoa. Eta horrela jarraitzen du, aurrekontu eta baliabide eskasekin, noraezean, zaintza epidemiologikoko arduradunik gabe, ezinean.
Ospitaleak ere indartu behar dira, noski, baina arlo honetan, aldaketa nagusia ez da agian ohe kopurua modu dramatikoan handitzea, baizik eta oheak bihurtzeko eta aldatzeko gaitasuna handitzea, salbuespenezko egoeren aurrean beharretara egokitzeko gaitasuna izatea. Eta bereziki artara bideratutako zerbitzuen artean indartu beharrekoak Lehen Mailako Arreta eta Osasun Mental komunitarioa dira. Arlo komunitarioa indartuz, epidemia egoeretan zaurgarrienen zaintza bere osotasunean bermatuz, bai eremu sozialean, bai osasun arloan ere. Rudolf Virchow patologo ospetsu eta medikuntza sozialaren aitak, jadanik XIX. mendean argi zioen epidemiak mikrooganismoek sortzen zituztela, baina mikroorganismo horien banaketa geografikoa eta pertsonen suszeptibilitatea faktore sozialek zehazten zutela, hala nola etxebizitzak edo lan-baldintzek.
Gaixotasunei, epidemiei edo hondamendien arriskuari naturatik soilik heltzen badiogu, arrazoi ekonomikoak eta antropologikoak ahaztuta, fokua desbideratzen dugu. Desberdintasuna, osasun arloko desberdintasuna, ez baita naturala, erabaki politikoen emaitza da. Eta hala izanik, desberdintasunak sortzen dituzten baldintzatzaileetan jarri beharko dugu begirada.
Eta ez, epidemien aurrean denok ez gara berdinak. Epidemiak ez dira demokratikoak, ez digute guztioi berdin eragiten, osasun desberdintasunek pertsona bakoitzaren bizi-baldintzen arabera markatzen baitute gaixotasunaren inpaktua. Desberdintasun horien oinarrian dagoen egoera sozioekonomikoak zehazten du nor babestu daitekeen, nor gaixotzen den eta nork bizirauten duen.
Yayo Herrero zitatuz, gelditzeko iritsi diren larrialdi garaiotan, ezberdintasunen murrizketari ekin behar diogu botere ardatz guztietatik helduz, gero eta pertsona gehiagoren biziraupen duina arriskuan baitago.

