
German Zorrakin Gandarias (1886-1962) Bilboko Begoña auzoan jaio zen. Argazkigintza munduan bere aita Mauricio Zorrakin Gastañagaren (1862-1941) eskutik hasi zen. Bilboko erretratugile ezaguna zen, Sabino Arana Goiriren laguna, eta haren erretratu ospetsuenetako batzuk egin zituen, hala nola haren ezkontzakoa edo Larrinagako espetxekoa. 1914an German Durangora joan zen bizitzera, Maria Ormaetxea emaztearekin eta Ignacio lehen semearekin batera. Bertan bere estudioa ireki zuen eta berehala Durangalde osoko erreferentziazko argazkilari bihurtu zen; denetik erretratatu zuen, hasi ekitaldi sozial eta paisaietatik eta 1937ko Durangoko bonbardaketaren hondamenera. Artikulu honekin agertzen den argazkia Germanek egindako dokumentu-lanaren isla da. Bertan familia bat ikusten dugu, Iurretako Gaztañatzabeaskoa baserriaren aurrean. Bere sinpletasunagatik eta Durangaldeko argazkilaritzarekin duen loturagatik nabarmentzen da irudia, eguneroko bizitza eta baserriarekiko harremana zuzenean eta hurbiletik erakutsiz. Familiak baserriaren aurrean erretratatzeko ohitura hori oso ohikoa zen XX. mende hasieran. Garai hartako beste argazkilari batzuek ere antzeko zerbait egiten zuten, baina ikuspegi desberdinekin: Eulalia Abaitua Allende-Salazar (1853-1943) bilbotarra, Indalecio Ojanguren Arrillaga (1887-1972) eibartarra, Felipe Manterola Urigoitia (1885-1977) zeanuritarra eta Alegian bizi zen Ricardo Intxausti Larrañaga (1895-1971), besteak beste. Zorrakinen argazkiek oreka perfektua lortzen dute: protagonismo bera ematen diete baserriko pertsonei eta baserriari berari, landa-bizitzaren memoria bisuala eta koherentea eraikiz. Aurrerago, haren seme Ignacio Zorrakin Ormaetxeak (1913-1980) aitaren urratsei jarraitu zien argazkilari gisa Foto German-en, eta arreba Maria Begoña Zorrakin Ormaetxeak (1914-2009), berriz, funtsezko funtzioak bete zituen estudioan eta laborategian; ondoren, familiaren negozioa optika batera bideratu zuen. Gaur egun, German Zorrakinen funtsa Durangoko Gerediaga Elkartean gordeta dago.



