Gaur 8

2006ko San Fermin egunean joareak entzun ziren Palestinan

Gasteizko joaldun talde batek ekitaldi ikusgarria egin zuen duela 20 urte Palestinan. Ramallahtik gertu, soldadu israeldarren aurrean beren joareak entzunarazi zituzten Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Israelgo Armadak gomazko balekin eta gasarekin sakabanatu zituen.

Ekimen haren irudi indartsua.
Ekimen haren irudi indartsua. (Roberto SERRANO)

Judimendiko joaldunak urtero egiten den jaialdi batean parte hartzeko asmoz antolatu zuten duela 20 urte Palestinarako bidaia. Urte hartan han topatu zituzten gertaera latzak zirela-eta, jaialdia bertan behera utzi zuten, eta hasierako asmoa elkartasun eta salaketa ekintza bihurtzea erabaki zuten.

2006ko San Fermin egunen hartan, Bil'inen, Ramallah ondoan, ehunka lagunek lagundu zieten joaldunei, ikurrinak eta bandera palestinarrak zeramatzatela. Martxaren buruan, alboka, eta haien zain, israeldarrak leporaino armatuta.

Protesta bitxi haren egileek testu bat prestatu zuten palestinarrei beren ekintzaren zentzua azaltzeko: «Gure arbasoek uste zuten lurra esnarazten zutela beren zintzarrien soinuarekin neguko lozorro luzearen ondoren, eta espiritu gaiztoak uxatzen zituztela zaldi buztana [isipua] astinduz. Gaurko ekitaldi honekin zanpantzarrak menditik jaitsi dira munduari dei egiteko, esnatu eta Palestinara begiratu dezaten, gureak eta munduan beste askorenak bezala, desagertzeari uko egiten dion herri honetara». Eta Armadak gomazko balekin eta gasarekin sakabanatu zituen.

Joaldunak Palestinan agertu ziren egun berean, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean zenbait lagunek elkarretaratzea egin zuten «hiltzaile sionistekin» harremanak eteteko eskatzeko. Biharamunean, berriz, Bil'ineko erasoa salatzeko martxa bat egin zuten Bilbon.