Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Ur uherreko iturriak

Euskararen aurkako oldarraldia. Politikoa, mediatikoa... eta judiziala? EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak ezetz dio. Hala ere, inoiz ez da falta izaten beste arloetako oldarraldiekin bat egiten duen epailerik. Ikusi berri dugu zenbait epaileren auto bat egunkari bateko informazioan oinarritua, auzibidera jo duten hainbat ikasleri unibertsitatera sartzeko probetako Euskara azterketako emaitzak aintzat ez hartzera behartzen duena. Informazio hori gezurra zen, desitxuratutako egia erdia eta ezkutatutako beste erdia; baina epaile horiek ez bide zuten egiaztatzeko astirik eta, batez ere, gogorik. Nahikoa izan zuten “informazio” hori, Guardia Zibilaren UCO unitatearen ikerketarik ere gabe.

Zenbait epaitegiren erabaki hori jakindakoan, Kontseiluak elkarretaratzera deitu zuen EHUren campusetan. Espainiako beste egunkari serio, zorrotz eta inpartzial batek, sareetan, elkarretaratze haietako baten argazkiaren azpian kontatu zigun jende ugari bildu zela unibertsitatera sartzeko probetako zero zaparradaren aurka.

(Tristeagoa izan da Gasteizko Gobernuak EHUren jokabidea zalantzan jartzeko baliatu izana polemika faltsu hau. EAEko instituzioen kudeaketa, edo jabetza, EAJri dagokion uste osoaren teoria egiaztatzen tematuta segitzen du alderdi horrek. Izan ere, ez da lehenbizikoa izan. EAJk EHUren kontrola galdu eta lehen minututik izan du hura jopuntuan, Gipuzkoako Aldundia 2011tik 2015era bitartean izan zuen bezala, gainerako alderdien eta hedabide gehienen laguntzarekin).

GARRATZ

UCOrenak ez beste polizia guztien “ikerketak” baliatu zituzten Estatuko hedabide nagusiek Garratz Zabarte Arregiren bizitza eta mirariak kontatzeko. Iragan astean hil zen eta hedabide askok horren berri emateko aspaldi luzetik zabaldu izan dituzten “informazioak” erreskatatu zituzten. 1973an atxilotu zuten Garratz lehen aldiz, eta 1977ko Amnistia Legea zela-eta irten zen espetxetik. Zenbait hilabetetako espetxealdi baten ondoren, 1984an atxilotu zuten berriro eta 29 urtez Estatuaren hegoaldeko eta uharteetako hainbat espetxetan biziraun ondoren itzuli zen etxera. Garratzek legez kanpo bete zituen kartzela urteak egunkari batek nola azaldu zituen informazio horien fidagarritasunaren erakusgarri da: «2013an askatu zuten, ‘Parot doktrina’ delakoa aplikatu izanari esker». Kartzela denbora luzatu zion harako doktrina horrek, hain zuzen.

Hedabide horiei eta haien iturri polizialei beti ahaztu izan zaie atxiloaldietan jasan zuen tratuaren berri kontatzea; esate baterako: «Jota txikituta utzi zuten. Hamargarren egunean joan ginen eta bisitara irten zenean, hormei oratuta ere ezin zen egon (...). Oraindik egundoko orbainak dauzka. Azazkalak, horrelaxe berna bietan sartuta. Kateekin lotu hankak eta eskuak eta kakaz betetako bainuontzian sartzen zuten». Garratzen ama Joxepa Arregiren hitzak dira (hemen euskara batuan emanak), “Arrasate Press” astekariak jasoak. Besteak beste, Joxepari egindako elkarrizketak baliatu zituzten “Arrasateko euskara” liburuaren egileek Mondraueko hizkera aztertu eta erakusteko.

Hedabideek ez dute zertan horrelakorik kontatu, baina are gutxiago gezurrak. Izenetik hasita. Ez zuten ezagutzen, baina bazekiten haren izaeraren berri, eta Garratz ezizena jartzen zuten adibide, bakoitzari okurritzen zitzaion azalpena emanda. Garratz da haren nortasun agirian agertzen zen izena. Berak harro hautatua, bere jatorriari lotua, amaren baserriaren izena.

Agur, lagun, beti arte.