Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Babeslekuak

Mutiko bat buruz botatzen uretara bero sapako egun batean.
Mutiko bat buruz botatzen uretara bero sapako egun batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Eguzkiak jo egiten zuen. Erre, kiskali. Guri ez zigun inporta. Jolasean aritzen ginen. Ezkutaketetan, pañuelitoan, futbolean. Batek daki. Izerdiz bustitako kamisetak erantzi eta porlan berotan etzango ginen, zerura begira, arnasestuka. Sua sentitzen genuen bizkarrean. Eta hantxe egongo ginen, nork gehiago iraungo, azala gorritu arte. Gauean ekaitza lehertuko zen akaso, eta biharamunean leku berera itzuliko ginen. Eta hankak putzuetan sartuko genituen, indarrez zapaldu, nor gehiago bustiko, zipriztinak nori gorago iritsiko. Haizete egunetan gorputza haizearen kontra jarri eta besoak zabalduta egongo ginen, begiak itxita. Edo bizikletak hartu eta mendira joango ginen euripean, gurasoei banku batean pipak jatera geratu ginela aginduta. Eta lokatzetan sartuko ginen propio; azeleratu eta begiak itxi, lohiak aurpegia nola bustitzen zigun sentitzeko, atzeko gurpiletik jauzika ateratako lokatz puskek gure bizkarrean nola lur hartzen zuten nabaritzeko.

Atea zabaldutakoan etxekoen harridura eta izu aurpegiek egingo ziguten ongietorria; “non ibili zara”-ka eta “ondo al zaude?”-ka. Eta harridura aurpegia itzuliko genien guk ere; nola ez ginen bada ondo egongo, gorputz osoa lokatzak hartu bazigun. Helduak horixe ziren guretzat: zentzurik gabeko gauzak egiten zituen jendea, euriak busti ez zitzan aterkia zabaldu, adibidez.

Eta aurrera egingo zuten urteek, eta haurtzaroa eta nerabezaroa pipa azalak bezala utziko genituen banku azpiren batean ahaztuta. Aspaldian ez dugu lokatzik sentitu aurpegian, bizkarrik ez dugu porlanetan goxatu. Udazkeneko haizeek loa lapurtzen digute. Aterki bana erosi genuen euriak busti ez gintzan. Eta etxeko leiho eta pertsianak itxita hasi dugu uztaila, beroaren beldur.

Autoko ateak itxi eta klimatizagailua piztu dugu. Arrainak ontzietan bezala, aurrez prestatutako ekosistemak habitatzen ditugu; beti tenperatura berean, beti egonkor, aldaketa txikienak ere osorik eusten digun hari mehe hori etengo duen beldurrez. Merkataritza zentro erraldoi eta hotzetan egiten dugu topo aspaldi ikusi gabeko jendearekin. Kapitalak badaki zer behar dugun; haizagailu bat, izozki bat, aire girotua. Eta gu hara, euliak bonbilletara bezala. «Ea afari bat egiten dugun» esaten diogu elkarri, «laster arte» batekin agurtzen dugu elkar. Barru-barrutik badakigun arren afaririk eta “laster”-ik ez dela izango.

Lagun izan genituenak ere pipa azalak bezala geratu ziren banku azpiren batean. Bizitzak bereizi gintuela esaten diogu geure buruari, izarrak eta astroak elkarrengandik urruntzen dituen lege gupidagabearen mende bageunde bezala. Grabitateak gu eta gu bezalakoak elkartzen gaitu. Gero eta gehiago ikaratzen gaitu kanpoan dagoenak. Klima aldatzen ari dela diogu. Gu ez gara gutxiago aldatu. •