
Bero sapa. Izerdi itsaskorra. Airea ez da mugitzen, ezta putz eginda ere. «Giro alu hau», errepikatzen du albokoak bosgarren aldiz. Begiradarekin fusilamendua. Taberna bateko terraza bateko itzalpean, eta, hala ere, sufritzen. Bueno, arnasa sakon hartzea hoberena; baina aire bero horrek birikak lehortzen dizkizu eta gorputza labean sentiarazten. Pazientzia. Sobera dituzu txankleta eta beste guztiak. Garagardoari tragoa ematea hoberena. Jode! Sutan jartzen zara epeldu dela sentituta. Ez dago tertuliarik gaurkoan. Albora begiratu eta bikote bat pipak jaten nazka aurpegiarekin. Alboan, guraso bat nerbioak jota, eskola garaian bizi hobea dela esanez. Bere bikotea dator, mendian korri eginda, irribarre batekin. Asperkerian, mobila hartu eta sare sozialetan sartu: lagunen eta mundu guztiaren opor “zoriontsuetako” argazkiak munduko edozein txokotatik. Xxxxxxx!!!
KLIN! GORA! PUN!
Klin!, norbaiti bonbilla piztu zaio: «Platerkada bat pipar eskatuko diat». Aldamenekoa ere argitzen du horrek: «Earra, zer nahi duzue edateko?». Eta halaxe, sagardo eta garagardo artean, bost minutura Jose Inazio tabernaria dator baratzeko fruituak zartaginean igeri ibilita. Ibarrakoak ez dira piperrak edo gindillak, piparrak baizik. Piparrak, azal leuna eta pikante askorik ez dutenak. Behin, Ibarrako pipar saltzaile bati Madrilen galdetu zioten: «¿Qué son, guindillas o piparras?».
Gora!, oraindik bizirik daudela dirudite. Aulkietan zeuden bizkar etzanak tentetu egiten dira orduan, eta, txupinazo txiki baten tankeran, festari hasiera ematen zaio. Behatzekin hartu eta barrura. Jaki honekin ez dago bitartekorik, protokolo handiegirik. Bai, bakarra: informaltasuna. Behatzekin jatea da araua, erremintarik gabe, behatzak olioz ondo bustitzea eta gatz lodia behatz puntekin ferekatzea. Mahaiko arauak hausteko eta gorputza libreago sentitzeko unea. Formaltasunak alboratu eta bizitzari beste modu batean ekiteko barazki laguna.
Pun!, gorputzak beste jarrera bat hartzen du haiek jatean: eskuak azkarrago mugitzen dituzu, gorputzak harberago daude; suspertuta. Ahotsek abiadura hartzen dute eta begiek ñir-ñirra berreskuratzen. Animatzen... Isiluneak elkarrizketari tarte egiten dio. Terrazatik ikus daitezkeen baratzeetan zintzilik dauden pipar txikiek pizgarri kapsula bilakatzen dira gure mahaiaren bueltan. Baratzetik zartaginera, zartaginetik ahora. Albora begiratu eta bikotea ere piparrak jaten ari da pipak bezala, baina berriketan irribarretsu. Beste mahaiko gurasoak ere harro eta barrez, haurrek piparrak nola jaten dituzten begira. «Earki gaude oporretan», dio.
HERRITIK ATERA GABE, OPORRETAN SENTITZEA
Zubiaurre tabernan gaude, Ibarrako plazan. Bertara doaz piparraren fededun guztiak. Udara da eta oporren usaina nabari da. Piparrak dira udararen iragarle, sanferminen ostean hasten baitira edozein arratsalde alaitzen. Hiru hilabete: uztaila, abuztua eta iraila (batzuetan, urria). Horrek berezi egiten ditu: eguberrietan turroiaren tankeran, udara piparrak jateko garaia da. Denboraldikoa. Eta aspertzerako amaitzen da garaia, beste bederatzi hilabeteko monoa, abstinentzia sindromea, handitzeko. Horrek ere egiten du berezi beste zenbait gauzaren artean, eta horrexegatik ez zuten funtzionatu urte osoan kontsumi zitezkeen aurrez frijitutako piperrak, poltsatan mikrouhinean berotzen zirenak. Begira tomatea, ez da lehen zena. Orain urte osoan daude tomateak. «Beste bat eskatuko dugu?». «Bai horixe!».
Guztiok bai baitakigu arratsaldea salbatu digula. Aspaldi utzi zion piparrak babarrunen lagungarri huts izateari, eta, orain, modan dagoen jakia da. Udarako erregina, erregea edo drag queen-a da piparra. Udarako abestiaren tankeran, udara dantzagarri egiten diguna, ia oporretan gaudela sentiaraziz. Bizipoza, udarari gorazarre egiten diona. Bizitzari eskainitako abesti dira barazkitxo hauek. Plazera eta hedonismoa. Hori bai, lagunartean hobe. Soziala da pipar jatea, ardoa edatea bezalatsu. Bakarrik jan dezakezu etxean, baina ez da inoiz gauza bera izango. Produktu honek lagunartea eskatzen du eta giroa elikatzen du. Hizketaldi freskoak sortzen ditu edozein tragorekin lagunduta. Platerkada bat pipar hartu eta jatea laguntasuna ospatzea da, laguntasuna elikatzeko erritua.
Ibarran norbaitek platera luzatu eta piparra eskaintzen badizu, konfiantza erakutsi nahi dizu. Baina norbaitek platerkada hori zurekin banatu nahi badu, laguntasuna indartu nahi du. Horrenbestez, ez ukatu inoiz pipar eskaintza bat, harreman bat ukatzearen pareko delako Ibarran, baratze herrian.
Eta beste errazio bat ekarri du tabernariak, bihurri irribarre batekin berriro ere. Gustura gaude mahaian, lagun artean. “Txantxo” lagunak, jada bixituta, Jose Inazio tabernari mitikoari galdera luzatu dio: «Jose Inazio! Noiztik piparrak eskaintzen?».

ZUBIAURRE, PIPARRAREN TENPLU
Ehun urte egitera doa taberna: 1932. urtean ireki baitzituen ateak. Lehenengotariko taberna izan zen piparrak eskaintzen. Herriko sanbartolome jaietarako nahitaezkoa zen piparrak prestatuta izatea: bildu eta garrafoi handietan sartzen ziren ozpinetan, eta astebeteren buruan jateko moduan ziren, olio pixka bat eta gatza botata. Hala ere, Jose Inazio Zubiaurreko betiko tabernariak dio, bere gurasoei istorioak entzunda, abuztuaren 10erako prestatu behar izaten zirela lehen ozpinetako piparrak: lehen, ibartar batzuek egun hori ospatzeko ohitura zuten, «La toma de Ibarra» zelako, Gerra Zibileko kontuak. Garai haietan, elizako kanpaiak astintzen zituenik ba omen zen, frankistek herri bat hartzen zuten aldiro. Aho bete hortz geratu gara mahaiaren bueltan gaudenak.
Udaran piparra zen protagonista, eta taberna atzean zuten baratzean piparrak ziren jabe. Orain ere, piparra da nagusi. Haur garaiko festa egun horiek tabernako sukaldean oroitzen ditu, buztinezko ontzi handietatik piparrak ateratzen (lanerako errazagoa, kontserbaziorako konplikatuagoa): «Anaia eta biok lan eta lan aritzen ginen umetan, sufritu egiten genuen. Baina nik piparra maite dut ikaragarri, mimo handiz zaintzen ditut, eta platerak txortenekin soilik jasotzeak asebetetzen nau». Porroietan saltzen zen ardoa orduan, baziren txikiak (indibidualak) edo handixeagoak, eta bertako frontoi historikoan pilotakada batzuk emanda, botilero gunea zen bertako barra mutil askorentzat. Orain ez dago frontoirik, baina platerkadak dozenaka ateratzen dira bertako sukaldetik udarako egun beroetan. Bertan piparrak jatea 22ra iristearen sentsazioa bezalakoa da. Gehien saltzen duen eguna San Bartolome eguna da, abuztuaren 24a, plazan debalde barra-barra banatzen badira ere.
Ozpinetako piparrak izan ziren nagusi hainbat hamarkadatan, 80ko hamarkada hasieran Txumitxa tabernan frijituak eskaintzen hasi ziren arte. XXI. mendean izan zuen loraldia, eta gaur egun, pipar frijitua altxor gastronomiko bat da, harrotasunez dioten bezala, Ibarra baratze herrian.
Beste bat. Eta orduantxe sortzen da beste festatxoa ere: «ezetz jan hori!», «mina ote?».
Ibartar erruletaren xarma hasi da.
Eta barre eta algara artean, pipar bilketako gazte garaietako istorioak kontatzen hasi gara… (jarraituko du).




