GAUR8

Duela 115 urte, Hiram Binghamek beretzat hartu zuen Machu Picchuren aurkikuntza

Gaur bezalako egun batean, 1911. urtean, Hiram Bingham estatubatuar abenturazale eta arkeologoak berraurkitu zuen Machu Picchu edo ‘Inken Hiri Galdua’. Euskal jatorriko Agustin Lizarraga nekazariak iritsi zen bertara urte batzuk lehenago, baina bere izena ez da historiako liburuetan azaltzen. 

Machu Picchu horrelakoa zen XIX. mendean.
Machu Picchu horrelakoa zen XIX. mendean. (WIKIPEDIA COMMONS)

Kosta egin zitzaion –aurretik egin zituen bi espedizioak kale egin zuten–, baina duela 115 urte Hiram Bingham (Honolulu, 1875eko azaroaren 19a - Washington D. C., 1956ko ekainaren 6a) esploratzaile eta politikari estatubatuarrak lortu zuen Machu Picchura igotzea.

1911ko uztailak 24a zen eta munduari inken hiri kitzikagarriaren kokapena publiko egitearen arduraduna izan zen. Connecticuteko gobernadore eta bere herrialdeko Senatuko kide, Yale unibertsitateko irakaslea zen Bingham.

Machu Picchura iristean, Hiram Binghamek aurkitu zuen bederatzi urte lehenago Agustin Lizarragak utzi zuen inskripzioa. Zer dela eta? Agustin Lizarraga, beste bi laborarirekin batera, izan zelako Machu Picchu aurkitu zuen lehena, eta Bingham hiria aztertu eta mundu zabalari ezagutarazi ziona.

Dena den, ez da historiara horrela pasatu, jatorri euskalduna zuen nekazari honen izena liburu guztietatik desagertu baita eta Hiram Binghamek, egia ezkutatuz, ospe guztia bereganatu zuen. Joseba Aurkenerenak NAIZ irratian istorio guztia kontatu zuen. Eta biziki interesgarria da.

Gauza da, 1902ko uztailaren 14an, Agustin Lizarraga, Gavino Sanchez eta Enrique Palma inken hiri abandonatura iritsi zirela. Gaur Hiru Leihotako Tenplua deitzen dugun eraikin horretako horma batean, honako mezua idatzi zuen ikatzez: ‘A. Lizarraga. 1902’.

Binghamek 50.000 pieza arkeologiko hartu eta Yale Unibertsitatera eraman zituen, Peruko Gobernuak hamarkadetan erreklamatu zituenak, Gaur egun bere izena hartu du The Hiram Binghamen trenak, Poroyko geltokia –Cusco hiriaren kanpoaldean– eta Machu Picchuren arteko 90 kilometroak egiten dituen trenak.