
George Bernard Shawek (Dublin, 1856 - Ayot Saint Lawrence, Ingalaterra, 1950) idazle oparoa zen, antzerkia zuen maite eta izpiritu libre bat zen, bere garaiari aurrea hartu ziona: 25 urterekin bere burua begetarianotzat jo zuen («Nire izpirituzko gizon batek ez du hilotzik jaten»), surflaria zen (75 urterekin Hegoafrikan olatuak hartu zituen!) eta, batez ere, bere garaiko konbentzioak, hezkuntza falta eta gizartearen barneko desberdintasunak salatu zituen. Ironia erabilita, baina zorrotz.
Bere talentua nazioartean aintzat hartua izan zen 1925ean Literaturako Nobel Saria jaso zuenean. Nobel bat eta Oscar sari bat lortu zituen lehena izan zen, gainera ‘My fair lady’-gatik.
Literaturako alor guztiak landu zituen arren, satira komediei esker izan zen batez ere ezaguna. 20 urte zituela, Fabian Society erakunde sozialistako partaide izan zen Londresen. Idatzi zituen nobelek ez zuten arrakastarik lortu, baina ospea eman zioten aldizkarietan idatzi zituen literatura eta musika kritika lanek.
1892an aurkeztu zuen bere lehen antzezlana, ‘Widowers' Houses’ (‘Gizon alargunen etxeak’), eta ‘The Philanderer’ (1893, ‘Amorantea’) eta ‘Mrs. Warren's Profession’ (1893, ‘Warren anderearen lanbidea’) idatzi zituen ondoren. Victoria erreginaren garaiko gizartearen hipokresia salatu zuen lan horietan.
Molde askotako obrak aurkeztu zituen ondoko urteetan; haietan garai hartako gizartearen arazoak eta gorabeherak erakutsi zituen betiere, baina osagarri komiko paregabe batzuen bitartez zorroztu zituen satirarako bideak.
Militarismoa kritikatu zuen ‘Arms and the Man’ (1894, ‘Heroiak eta soldadoa’) lanean, gizartean gailen ziren azaleko portaerak ‘Major Barbara’ (1905, ‘Komandante Barbara’) obran eta britainiar gizartearen klasismoa ‘Pygmalion’ bere maisulanean (1913).
Bere ideia sozialistei buruzko saioak idatzi zituen bizitzako azken urteetan.

«Holokaustoaren metodo bortitzak aniztasun funtzionala zuten pertsonekin probatu ziren»

«Herri eraikuntza, herrigintza eta euskara dira benetan gure lurraldetasuna»
