GAUR8

Hamar urte Doris Benegas borrokalari nekaezina hil zela

2016ko uztailaren 29an zendu zen Doris Benegas abokatu eta aktibista, 64 urte zituela. Gizarte eta genero askapenaren, eta baita ere Euskal Herriaren askapen nazionalaren alde egin zuen borrokagatik ezaguna, minbiziaren aurka borrokatu zen azken unera arte emakume kementsu eta konprometitu hau.

Doris Benegasen ehorzketa eta omenaldia, Polloen, 2016ko abuztuaren 6an.
Doris Benegasen ehorzketa eta omenaldia, Polloen, 2016ko abuztuaren 6an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Doris Benegas Haddad (1951, Caracas – 2016ko uztailaren 29a, Valladolid) Venezuelan jaio zen bere aita, Jose Maria Benegas Etxeberria abokatu eta EAJko militantea, familiarekin erbesteratu zelako 1936ko Gerraren amaieran.

PSE-PSOE alderdiko Txiki Benegas buruzagi historikoa neba zuen; Doris, ordea, erabat ezkertiagoa zen, kapitalismoa eta patriarkatuaren aurka lerrokatu zen gaztetatik. Hamaika hilabeteko aldearekin hil ziren biak. Dorisen errautsak Donostiako familiaren panteoian utzi zituzten.

Dorisek 4 urte zituenean Venezuelatik itzuli zen Donostiara Benegas familia. Dorisek Zuzenbidea ikasi zuen eta, 21 urterekin, Valladolidera joan zen Fasa-Renaulteko lantegian lan egitera. Han Francoren diktaduraren azken urteetako langile-borroketan parte hartu zuen abokatu laboralista legez. 1979ko abenduan, talde faxista batek Valladoliden zuen bulegoari su eman zion.

Gaztela eta Leongo Mugimendu Komunistako kide izan zen eta 2002tik Izquierda Castellana sortu eta bultzatu zuen.

Ezker abertzaleari oso lotuta egon zen betidanik, eta euskal preso politikoei laguntza juridikoa emateaz aparte, ezker abertzalearen ilegalizazioaren aurkako ekimenetan aktiboki parte hartu zuen. 2009an, Iniciativa Internacionalista-Solidaridad entre los Pueblos (II-SP) zerrendako bigarrena joan zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan.

Emakume kementsu honek mugimendu feminista sustatu zuen ere eta, azken urteetan, etxegabeen aldeko erakundeei lotuta egon zen.